'Griezmann eta 15 gehiago'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea.
Denboraldiko lehenengo Futbologian “Griezmann eta 10 gehiago” idatzi nuen. Izan ere, irailean Antoine zen, nire ustez, forma aldetik ondoen zegoena. Selekziorik gabeko udak on egin zion mutilari eta bikain hasi zuen denboraldia, hain bikain non iruditu baitzitzaidan Antoine zela denetan beharrezkoena.
Handik gutxira, baina, dena okertu zen. Frantziako selekzioko beste lau jokalari gazterekin parranda egitera Pariseraino joan, eta harrapatu egin zituzten. Atzo goizean jaiotakoak ez garenok jakin badakigu egon badirela zeharkatu behar ez diren mugak –eta zeharkatzekotan, ondorioak egon badaudela- baina Griezmannek eta bere lau lagun gazte-eder-dirudun-burugabeek jakin ez, eta “Pariseraino!” esan zioten taxi gidariari. Ez dakit Antoinek ikasgaia ikasi duen ala ez.
Dakidana da dagoeneko itzuli dela Parisetik.
Eta Realak eskertu du, bai horixe!
Nik, behintzat, ez dut zalantzarik batere: Valladolidi sartu zion 2. gola maisulan tekniko bat da –Zurutuzaren pasea barne- baina Griezmannek ez zuen gol hori orain dela bi hilabete sartuko. Ez zen baloira iritsiko. Edo, bestela, ez zuen kontrolatuko larunbatean kontrolatu zuen moduan. Edo kornerrera bidaliko zuen. Gol hori sartzeko egon beharra baitago, eta azken hilabeteetan Griezmann ez da egon.
Orain badago, ordea. Joan den larunbatean sekulako gola sartu zuen, baina aspaldian ez bezala mugitu zen eta sekulako partida jokatu zuen.
Itzuli da Parisetik.
Alabaina, frantziarra ez da agertu den bakarra. Xabi Prieto ere agertu da, toki berri eta interesgarri batean. Eta Agirretxe. Eta Vela. Eta Ilarra –zeinak, esan dezagun bidenabar, Bernad Schusterren gero eta antza handiagoa duen-. Eta Carlos Martinez. Eta De la Bella. Eta…
Eta gauzak horrela, jada ezin dut esan “Griezmann eta 10 gehiago”. Orain “Griezman eta 15 gehiago” esan behar, egun Errealak hamasei –gutxienez- jokalari titular baititu.
Eta, jokalari zehatz baten itzulera gorabehera, hori da talde bati gerta dakiokeen onena.


