Grisa da gure kolorea
Duela gutxi arte, hiztegi frantsesarekin maitemindutako musikari bat bizi zen gure artean, hitz dezente ikasteko aukera eman ziguna rock erritmoei esker. Rafael Berriok bere abestietan botatako hitz zaharkitu sorta eder haietatik bitxienetarikoena «spleen» esamoldea izango litzateke, «kausa zehatzik gabeko malenkonia» ote esanahi arinena. Terminoa Charles Baudelairek Les Fleurs du Mal olerki antologian ezagutarazi zuen Parisi buruz hitz egiteko, baina esanahi sakonagoarekin: gizarte dekadente, itxurati eta baldarrak baztertzen zaituenean sorrarazten dizun larritasun gogaitsu baten sentimendua zen. Poetaren arabera, atsekabe horretatik ihes egiteko modurik hoberena artea da; poesiak, amodioak eta gehiegikeriak sufrimendutik urruntzen gaituelako.
Donostia ez da Paris, nahiz eta harekin duen harri-kartoizko antzekotasunak mundu guztia liluratu izan. Eta, halere, estimatzen dugun ondare arkitektoniko eder, elegante, harmoniko, eta erromantikoa suntsitzen ari gara aspalditik, egun Ancorak salatzen duen moduan. Baina belle époque-eko adibideez gain, gainontzeko paisaia da desagertzeko arriskuan dagoena auzo guztietan zehar. Hiriak etengabeko aldaketa kromatiko bat bizi du, gure kaleak koloregabetuz. Eraikinen fatxadek izandako koloreak eta testurak mailaka ezabatzen ari dira etxebizitzak berritzeko proiektuen ondorioz, patroi bereko uniforme grisez josiz, nortasuna galduz, espaloi eta errepideekin mimetizatuz. Eraikin gris eta ilunek sobera ez dugun argia xurgatzen dute, kaleak margulduz, distopia goibeletan bezala bizitasuna txikiagotuz, gure adorea itzaliz.
Eta, badirudi joera honek ez duela etenik izango, denok baikara konplizeak: enpresa eraikitzaileak, auzokoen erkidegoak, eta hirigintzako arduradunak. Gure paisaiaren aniztasuna kontserbatu ordez, edota balio estetikoak ez duten eraikinak hobetzeko aprobetxatu beharrean, gure inguruko elementu guztiak ajatzen tematu gara: atariak, dendak, tabernak… dena da grisa edo, asko jota, zuri-beltza.
Eta, zergatik grisa? Imajinazio eza, gustu txarra ala alferkeria ote? Baliteke eraikitzaileen adimen estetikoaren gabeziak eta gure herriko berezko diskrezio funtzionalak kausa izatea, baina beste arrazoi bat da nagusi. Kolorea aukeratzeko ez dago aitzakia ekonomikorik, baina bai arrazoi pragmatiko bat: betidanik kolore grisa zikin-eztalia dela uste dugu, beti garbi ikusiko delako uste faltsua garatuz. Paradoxikoki, fatxada zikina ez ikusteko, jada –ustezko– kolore zikin batekin estaltzen dugu. Eta hori, inolako pasiorik gabe maitemintzea bezala da, betirako iraungo ez duelako ustean.
Proiektu arkitektoniko liluragarririk gabeko hiri apal honetan, benetako street artaren adierazpen falta nabaria duena –soilik pintaketa errepikakor eta hutsalak dira adierazgarri, grafiti eta horma irudien ordez–, gero eta ingurune monotono, arrunt, aspergarri, eta nortasunik gabekoa lantzen ari gara. Montxo Armendarizek 27 horas filmean irudikatu zuen Donostia triste hura bezalakoa. Eta agian gure patuari ezin diogu uko egin, urrezko garaietako Bella Easoren errentistak baikara, hala-holako erromantiko nostalgikoak, gure hiriaren neguko «spleen» amaigabearen gatibuak.