Gros faxismoaren eta arrazakeriaren kontra
Aurreko asteburuan, faxistek Hondarpe Groseko Auzo Elkartea erasotu zuten berriro ere. Sarraila txiklez estali eta, gure espazioa arriskutsutzat joz eta mezu arrazistak zabalduz. Gurean jarritako ikurraren modukoak zabaldu dira Donostian azken garaiotan, eta azken hilabete luzeetan jasaten ari garen oldarraldi faxista eta arrazistaren beste urrats bat gehiago baino ez dira.
Honen aurrean irmoki kalera ateratzeko erabakia hartu dugu Hondarperen baitan antolatzen garen eragileok, gure espazioa erabiltzen duten hamaika eragile eta norbanakorekin batera. Ozen adierazi nahi dugu gurean auzo langilearen baitako borrokek dutela lekua, borroka bakarra dagoela, Groseko auzo langilearena. Zapalkuntzaren aurrean bere burua antolatu eta borrokatzeko prestutasuna duen komunitatearena, eta hori oinarri harturik gurean inork tokirik ez badu, komunitate hori erasotzen duen eta kultura bakarra aldarrikatzen duen edozein faxista eta arrazista da.
Segurtasun faltaren diskurtsoa oinarri hartuta, arrazismoa eta faxismoa hedatzen ari dira. Hori ikusi genuen Kaleko Afari Solidarioen kontrako erasoan duela hilabete gutxi, hamaika izan dira eman nahi izan dituzten pausoak: Amaran edo Plaza Berrian Kaleko Afari Solidarioen kontrako kontzentrazioak, Easo plazan deitutako kontzentrazioa, duela gutxiko Altzako kontzentrazioa… eta horietan guztietan, aurre egin diegu eta porrot eginarazi.
Eta hala izango da oraingoan ere. Hemendik Hondarpe eta zein bertako eragileak kohesionatuago eta indartsuago aterako gara. Izan ere argi dugu jarrera faxista eta arrazistei aurre egiteko bi gako ezinbestekoak direla: alde batetik auzoko komunitatea ahalik eta antolatuena izatea, eta bestetik, auzoren sakoneko eraldaketan urratsak ematea. Bakoitza bere ahalmenen arabera emanez eta bakoitzaren beharren arabera jasoaz, auzoko egiturak eraikitzea, hortxe gakoa. Bide horretan, auzoan bizi, auzoan lan egin eta bere indarra emateko prest den oro izango da ongi etorria. Handikeriarik gabe, bakoitza bere eremutik hondar aleak jarriz, txingurri lan etengabean eta elkarrekin parez pare dugun kapitalaren erasoaldi bortitzari aurre egin: BCC, turistifikazioa, alokairuen prezioa, jai herrikoien kontrako erasoa, auzoa salerosketarako bitxi bihurtzea, poliziaren presentzia itogarria…
Gure auzoko kaleak gureak dira, eta ez diogu faxismo eta arrazismoari milimetro bat ere utziko!