Guardetxea: erresistentziaren gotorleku
Guardetxearen okupazioa dela eta urriaren 7an egitekoa zen huste prozesu judizialaren epaiketa eguna urtarrilaren 27ra atzeratu da. Ondorioz, Donostiako Udalak epailearen agindurik gabe, ezingo du datozen hilabeteetan Guardetxea legalki desalojatu.
Egoera honen aurrean, Guardetxean proiektu ezberdinak garatu eta Gaztetxea egonkortzeko konpromisoan berresten gara. Hori dela eta, Donostiako elkarte eta eragileak askotariko egitasmoak antolatzera animatzen ditugu. Bide horretan, datozen hilabeteetan zehar Guardetxean antolatuko diren ekimen eta auzolanetan parte hartzera animatzen dugu herritar oro.
Maiatzaren 1ean buruturiko Guardetxearen okupazioaren ondorioz ez ezik, maiatzaren 29an Donostiako Udal Plenoan emandako gertaeren ondorioz beste hainbat gazteren kontrako salaketa eta epaiketa ere espero ditugu. Egun hartan, udaletxera bertaratu ginen hamarnaka gazte udal gobernuak Alde Zaharreko hamahiru eragilek egindako bilera eskaerari entzungor egin ziola salatu eta Guardetxearen esleipen baldintzak adosteko negoziazio prozesu bat martxan jar zezala eskatzeko. Udaltzaingoa ordea, gogor oldartu zen udal plenoan bertan eta gazte bat atxilotzeaz gain, beste hainbat ere identifikatu zituen.
Azkenik, huste arriskuan dauden Euskal Herriko Gaztetxeak defendatzeko deia ere luzatu nahi dugu. Horretarako, ezinbestekoa da Gaztetxe eta Gazte Asanbladen arteko harreman sareak indartzea eta errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzea.
Elkartasuna antolatu, Guardetxea defendatu! Auzo bat, gaztetxe bat!