Gune Feminista baloratzeko gutuna
Hona hemen pasa den asteburuan Donostian antolatu genuen Gune Feministari buruzko balorazio laburra.
Martxoak 7
Euria egin behar zuelakoan, goizean kalera irten eta «a ze modu traketsa asteburua hasteko» pentsatu nuen; zaparraden mamua buru gainean genuen. Aste osoa neraman, hala ere, Donostiako Asanblada Feministako kideei esanez ez zela tanta bakar bat eroriko, animoak goratze aldera edo. Egia esan, gogotik egin zuen euria goiz hartan, baina guk babesgune bat geneukan: Gune Feminista.
Antolakuntza eta borroka lemapean, asteburuko egitaraua antolatu genuen denon artean. Eredugarria izan da lan-taldeek asteburu osoan izan duten martxa. Whatsappez soilik elkar ezagutzen zuten azpiegiturako kideek eta aktibista mexikarrek aukera izan zuten besarkada batez elkar agurtzeko. Horrek saretzen gaitu, horrela antolatzen gara eta hau da gure borroka. Gune Feminista karpa handiaren barnean babes eta segurtasun espazioa sortu genuen elkarrekin esperientziak trukatzeko, baina baita dantza egiteko ere.
Martxoak 8
Dena prest zegoenaren sentsazioarekin egin nituen Egiatik Bulebarrera dauden hamabost minutuak oinez. Egun handietan gertatzen den modura, sakelakoa sutan nuen eta Gune Feministara iritsi orduko, ni ere sutan jarri nintzen. Parean, Txileko ahizpen El violador eres tu performancea egiten ari ziren bitartean, beste behin ere lasterketa bat zegoen Donostiako kaleetatik barrena, lubaki modura banantzen gintuena. Udalari exijitzen diogu martxoaren 8an programazio feministarekin zerikusia duten ekintzak soilik antolatzeko baimena ematea.
Bi mobilizazio konbokatu genituen. Goizean martxa desobediente bat egin eta Askatasunaren hiribidea itxi genuen tarte batez. Arratsaldean, berriz, probintzia mailako mobilizazio bateratua egin genuen, eta erantzun itzela jaso genuen. Azken urteotako irudi masiboetatik harago, aurten jende gehiago aritu gara antolakuntzan, eta poztekoa da hori, izan ere, erroko aldaketak lortzeko, ezinbestekoa da antolatu eta borrokatzea.
Gora borroka feminista! Gora emakume, bollera eta transen bizitzak!