Gure habitata dira
Donostiako Udalaren ordezkari espekulatzaileen hiri eredu kapitalistaren aldeko politikek ez dute etenik. Berriki jakin dugu Hilton katearen hotel batek hartuko duela Arte Ederrak eraikina. Eta berretsi egin dute Basque Culinary Center unibertsitate pribatuari lagatu diotela Groseko Okendo aldeko lursail publikoa, instalazio erraldoia eraiki dezan. Tamalez, azken urteetan gure hiriak izan duen garapenaren beste adibide batzuk baino ez dira azken asteotan denon ahotan egon direnak.
Hiri eredu kapitalista honen estrategietako bat kalearen merkantilizazioa da. Ez dute kalea espazio bizia izaterik nahi, kontsumismora bultzatuko gaituen beste baliabide soil bat gehiago baizik. Eta horregatik, besteak beste, luxuzko turismo eta eliteko hiritarrentzako instalazioekin ordezkatu nahi dute dena. Ordezkatu nahi dituzte berdeguneak, plazak, eserlekuak… Finean, ez dute kalea elkargune izaterik nahi, haien kontrolpetik alde egin dezaketen bestelako harreman eta bizi ereduak sortzeko espazio izan ez dadin.
Hiriak, berauek habitatzen ditugunok egiten ditugu bizi. Eta herritarrak desagertzen garenean, bizigarri ez den dekoratu bat besterik ez da gelditzen. Eta hori da bilatzen dutena. Herritarrak kanporatzea, haien ametsetako hiria zikintzen dugunok gure auzoetatik botatzea, luxuzko bisitari horientzako dekoratu eder bat izan dezaten. Eta hori probestu, noski, etekin ekonomikoa atera eta gutxi batzuek kapitala metatzen jarrai dezaten, gainontzeko guztion kaltetan.
Baina, horretan tematzen badira ere, gure kaleak, plazak, etxeak, komertzioak… ez dira haien freetour-ak apaintzeko atrezzoa. Gure iragana, oraina eta geroa dira, gure habitata, eta ez gaude hauei uko egiteko prest.
Gu ere bagara tematiak, eta gure auzoak defendatzen jarraituko dugu, gure kaleak bizitzaz betetzen, eta bestelako bizi eredu batzuk amesten eta praktikara eramaten. Exkisitoa ez delako gure auzoan zahartu nahi izatea, exkisitoa haien hiri eredua delako.