'Gure-nheim'
Luix Barinagarrementeria, abokatua.
Ez dut pertsonalki ezagutzen. Ez da izan nirea plazera. Euskaraz idazten duen orok pizten du nigan arreta apurra. Batzuetan, arreta bastantea. Bestetzuetan, arreta beroa, gospela, arreta soula, tira, arreta franklina ia-ia. Noski, ez naiz idazten denaren ehuneko txikiño bat baino irakurtzera iristen. Eta ezin esan, Felipe Juaristiren gauza asko irakurri dudanik. Ezta egingo ez dudanik. Blog bat darabil aktibo, bere gogoetak, poesiak eta bestelako aipuak dindilizkatzeko, internetaren mundu zabaleko leiho batean. Iragan igandeko Berrian irakurri nituen Urtzi Urkizu kazetariak eginiko galderei idazle azkoitiarrak emandako erantzunak. Zertarako ukatu egoerak hasieratik tentatu egin ninduela: alde batetik, euskal idazle ezaguna denetik, nola edo hala gertuko herritarra delako Juaristi; bestetik, Loretopetik tartetxo hau idazten duen honek bezala Kutxako kontseilaria ere badelako, nahiz bere kasuan, oker ez banaiz, CCOO sindikatuko ordezkari gisa eta, horrek, zertarako ezkutatu, urrutiagoko herritarrak egiten gaitu. Hirugarrenik, irailean Euskadi Irratiko zuzendari izendatu zutenetik, duela urte asko eta egunero etxean entzuten den dialeko arduraduna delako, eta hargatik, zalantzarik gabe gertuko herritarra. Berehala utzi zuen Juaristik argi kazetari izateari idazle edo poeta senak egiten dion itzala: «liluramendua» izan ei da beretzat, «maitemintze asteak izan dira» aurreneko asteak zuzendari lan berrian. Polita adierazpena. Argiago utzi zuen gero poeta izaera, Urkizuk letra urdinez izkribatu zigunean «Zer filosofia edo ideia ezarri nahiko zenioke irratiari?» galderari Juaristik emandako erantzuna: «Filosofia baino gehiago, poesia esango nuke. Irratia hitza da eta poesia hitza da (…)». Benetako hunkidura kuttuna sentitu nuena halakoa leitzean. Aurrera segitu nuen tentazioaren bide pozoitutik eta hozka egin nion Urkizuk eskainitako sagarraren ederrari: «(…) Legez kanpoko ezker abertzaleko ordezkariei ez dizkie irratiak elkarrizketa politikoak egiten, ordea. Ados zaude horrekin?» galdetuta, hor Juaristiren hitzez hitzeko erantzuna: «Hori EITBren zuzendaritzaren erabakia da. Zuzendaritza Eusko Jaurlaritzak jarri du. Gobernua Legebiltzarraren gehiengoak onartu duelako dago hor. Arrazoi legalak daude afera horretan. Dena den, herritarren diruarekin gauza asko ordaintzen dira. Adibidez, Guggenheim. Eta niri ez zait okurritzen esatea herritar guztiok Guggenheim ordaintzen dugunez bertan nire alabaren koadro bat jarri behar dutenik». Haluzinatuta, aho-ortzadar utzi ninduen Juaristiren «poesiak». Zer esan nahi izan zuen ulertu nuela uste dut. Argia bezain larria nire iritzirako. Benetan, hori nahi izan zuen, ala, ez dagoela ezker abertzaleko ordezkaririk elkarrizketatzerik bere alabaren irudiarekin koadro bat margotzen ez badute? Edo eta bere «alaba» hori, behar bada, nire «Bizkaia» dela edo gure «Zuberoa»? Poetikoegia… Akaso, Ospitale publikoko larrialdietara joateko, denon artean ordaindu arren, Merinotar Marcori koadroa oparitu egin behar zaiola, esan nahi izan du? Zein Juaristi ari zen Urkizuri erantzuten? EIko zuzendaria? Azkoitiako poeta? Komisioneseko kontseilaria? Ala, beste Juaristi bat?