Gure Troiako zaldia
Norbaiti entzun nion aurrekoan, hemen, Euskal Herrian, ez dugula faxismorik, Voxek parlamentuetan dituen eserleku kopuru baxuaren harira. Gure herria antifaxista omen, eta gisa horretako ideiek ez omen dute lekurik gurean. Ez dakit ba nik guda kultural hori galtzen ez ari ote garen.
Uda osoan zehar ikusi dugun moduan, gure gizartearen balio kulturalak aise ari dira aldatzen. Marko politikoa eskuinera eta ideia kontserbadoreetara desplazatu balitz bezala, ezkerraren zati handi batek bere ideiak lausotu ditu, eta bitartean, ideia erreakzionarioek bere tokia topatu dute gure eguneroko elkarrizketetan. Agian, erraz identifikatzen ditugu Vox, Alviseren alderdi berria edo Frente Obrero ikur faxista gisa, baina hemen ere, euskaldunon artean, badugu gure Troiako zaldia.
Gurean faxismoak ez zuela lekurik ulertua nuen nonbait, baina errealitateak kontrakoa dio. Batetik, oro har politikoki ezkertiarra eta auzi askotan pentsamenduz progresistatzat jo daitezkeen asko ari dira immigrazioaren gaiarekin jarrera erreakzionarioak hartzen. Horiei, etorkinak jipoitzeko taldeen sorrerak, uniformedunen kontrol arbitrarioak, pertsona arrazializatuei dendetara sartzeko betoak, migratzaileen lo lekuen suntsiketa saiakerak, «identitate nazionala» ez galtzeko migrazioa kontrolatzeko eskaerak edo hainbat donostiarrek segurtasunaren izenean sare sozialetan luzatzen dituzten mezu arrazista eta faxistak gehitu behar zaizkie.
«Ez diezaiegun jarrera erreakzionarioei guda kulturala irabazten utzi, berandu baino lehen, faxismo eraberritu honen uholde berri hau ate joka izango baitugu»
Bestetik, eslogan eta ikur faxisten gorakada ematen ari da. Tabakaleran dagoen Europako hizkuntzen mapan, «Europa zuria» eta nazien gurutze zelta agertu ziren; Aste Nagusian zehar, «aberria defendatu, etorkinak kanpora» zioten pankarta batzuk eskegi zituzten eta «islamizazioari ez» dioten pegatinak jarri ziren, lauburuaz apainduta; Martutenen, Devenir Europeo elkarte naziaren kartelak agertu dira eta duela egun batzuk, Kaleko Afari Solidarioen janari banaketa baten ostean, bertaratu ziren etorkinak ehizatzera agertu zen gazte talde bat. Horietako ekintza asko gazte belaunaldi berriek bultzatuta, hein handi batean. Hori da gure errealitatea egun.
Marko kulturalak aldakorrak dira, ez dira betirako, eta gizartearen iritzi zein pentsamoldeak eskuinerantz desplazatzen ari dira. Nahigabean, ideia erreakzionario ugari ditugu gure inguru sozial gertukoenean. Ez diezaiegun jarrera erreakzionarioei guda kulturala irabazten utzi, berandu baino lehen, faxismo eraberritu honen uholde berri hau ate joka baitugu.