Gurea, euskal selekzioa!
Egunotan sorpresa asko jaso ditut. Ez dut futbola gustuko eta justu-justu dut euskal taldeen emaitzen berri. Hala ere, azken egunotan, futbolak leku nabarmen handiagoa hartu du telebista saio, sare sozial zein kaleetan, eta ondorioz, gure bizitzetan. Kolore hori eta gorridun kamisetak normalean baino dezente gehiago paseatu dituzte euren jabeek. Kontrapuntuan, euskal selekzioaren ofizialtasunaren bueltako olatua nabarmena izan da.
2020ko abenduan, Euskadiko Futbol Federazioak nazioarteko txapelketetan jokatzeko asmoz, euskal zaleen aspaldiko aldarrikapena jaso eta ofizialtasunaren eskaerari bide legala emanez, nazioarteko erakundeetan (FIFA eta UEFA) kide ofiziala izateko eskaera aurkeztu zuen. Espainiako Futbol Federazioak kontrako iritzia eman zuen. Hori dela eta, FIFAk eta UEFAk sei hilabete geroago euskal selekzioaren ofizialtasunari bizkar eman zioten.
Testuinguru horretan, 2021eko martxoan, bigarren Naziometroan, gaiaren bueltako galdera batzuk egin zitzaizkion euskal jendarteari. Euskal herritarren iritziz, hiru administrazio eremuetako jokalariek osatutako euskal futbol selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialak jokatzeko aukera eduki beharko lukeen galdetuta, inkestatuen %64ak baiezkoa adierazi zuen. Kontrakotasuna %21ak osatu zuen.
Eurokopako finalari erantzunez, euskal selekzioaren aldarria berrindartu da sare sozial zein Euskal Herriko txoko ugaritan
Inkestatuen artean, gehienek (%54), ondo edo oso ondo ikusten zuten euskal selekzioa, besteak beste, Espainiako edo Frantziako selekzioaren aurka lehiatzea nazioarteko lehiaketa ofizialetan. %17 ziren aukera hori gaizki edo oso gaizki ikusten zutenak. Tartean, ez ondo ez gaizki, %20 kokatu zen. Aldekotasun handiena jaso zuen erantzuna ondorengoa izan zen: jokalariek eurek erabaki ahal izatea zein selekziorekin jokatu, euskal selekzioarekin edo Espainiako edo Frantziako selekzioarekin. Alde agertu zen %72 eta kontra %15.
Duela hiru urteko Naziometroaren emaitzek zenbakien bitartez erakutsi zuten euskal jendartearen aldarrikapen historikoaren dimentsioa. Eurokopako finalari erantzunez, euskal selekzioaren aldarria berrindartu da sare sozial zein Euskal Herriko txoko ugaritan, mobilizazioak eginez.
Guk argi dugu, gurea euskal selekzioa!