Gurutzaontziak ere ongi etorri?
Pasa den uztailaren 4an “Sea Dream I” luxuzko gurutzaontziak Kontxako Badiaren sarreran geldialdia egitea albiste izan da. Hainbat argazkitan ikusi ahal izan dugu donostiarrok gurutzaontzia eta bertatik gure kaira turistak eramateko “taxi” deitutako txalupak. Hainbat herritarrek beraien kezka adierazi dute sare sozialen bitartez.
Baina gertaera ez da berria eta are gutxiago gure inguruko bi portu nagusiak (Pasaia eta Bilbo) kontuan hartzen baditugu. Zenbait komunikabidek gurutzaontzi hauen bozgorailu eta publizista papera hartzen dute. Berauei buruzko interesatutako informazioa ematen dute portuetara iristean: tripulazioari elkarrizketak, publirreportajeak… Hedabide hauek, gure lurraldean monolaborantza ekonomikoa bilakatzen ari den turismoa goraipatzen dute. Gurutzaontziak jasotzea albiste pozgarria eta onuragarria bezala kontatzen digute. Aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiak bere turismo planean gurutzaontziei buruzko ekimenak txertatu zituzten. Bere ezaugarri fisikoek suposatzen dituzten zailtasunen gainetik, Pasaiako portua gurutzaontzien ibilbidean sartzeko ahalegina etengabea izan zen: Santiago bidea itsasoz, gurutzaontzi txikien bitartez egiteko proposamena, besteak beste. Pasaian autobusetan sartu eta turistak Donostiara ekartzeko asmoarekin, besteak beste.
Badaude datuak gurutzaontziek sortzen dituzten arazoen inguruan. Transport & Environment, Europan mugikortasun jasangarriaren aldeko kanpainaren arabera milioi bat kotxek bezala kutsatzen du hauetako itsasontzi batek. Sarri esan izan da gurutzaontzia ur gaineko herri bat dela; kontuan izan behar da, sortzen duen zaborra eta poluzioa, baina, ez dela herri horretan geratzen, itsasoan, airean eta bisitatzen dituen lurraldeetan baizik. Turismo extraktiboaren forma adierazgarrienetako baten aurrean aurkitzen gara. Gurutzaontzien bidez, promotore turistikoek lurraldeen ondare eta baliabide natural, kultural eta sozialak erabiltzen dituzte beren negoziorako eta lurralde horretan kaltea soilik uzten dute.
Turtsitifikazioaren aurrean aurkitzen diren Europa Hegoaldeko hirien SET sarean badira gurutzaontzien arazoa Donostialdeak eta euskal kostaldeak baino askoz eragin kaltegarri handiagoz jasaten duten hiri eta lurraldeak. Pasa den irailean Lisboan egindako topaketa batzuetan, besteak beste, Lisboa, Bartzelona, Venezia eta Donostiako kideak elkartu ginen. Egun horietan, esnatu eta bi gurutzaontzi erraldoi ikusten genituen parez pare. Kideek gurutzaontzien eraginak xehetasunez aletzeko aitzakia izan zen. Bartzelonan eta Venezian, turistifikazioaren elementu nabarmen eta kaltegarrienetako bat bezala identifikatua daukate, horren erakusgarri Stop Grandi Navi eta Stop Creuers kanpainak.
Bartzelonako kideen arabera, horrelako munstroak portuan sartzean hiria suntsitzeko atea zabaltzea bezala da. Bertara, egunero bost bat gurutzaontzi erraldoi iristen dira, besteak beste, Europako gurutzaontzirik handienak (10.000 pertsonakoa). Milaka bisitariak hirira eramaten dituzte ordu batzuez. Normalean dena antolatua izaten dute, otorduak eta zerbitzu gehienak itsasontzian bertan eskaintzen zaizkie eta hirian ematen duten denboran arrapaladan gune eta monumentu adierazgarrienak bisitatzen dituzte.
Veneziako kideek, berriz, esaten zuten hiriko biztanleria kopurua hirukoiztu egiten dela egunero, bereziki gurutzaontziek ekartzen zituzten pertsonekin. Bestalde, hiri italiarreko kideak zera komentatzen zuen: jakina da turismo masiboak turistaren bizipenak kaltetzen dituela eta, Veneziako kideek oso gutxitan zapaltzen duten San Marco plaza inguruan gehiegizko turista kopuruaz kexatzen diren turistak entzutea ohikoa omen da. Azken hilabeteetan, gainera, bi gurutzaontzik izan dituzte istripuak Venezian, berriro ere gurutzaontzien arazoa mahai gainean jarriz.
Gure lurraldeetako gobernariak behin eta berriro agertzen dira kalitatezko turismo jasangarriaren alde. Hitz potolo hauek gurutzaontzien kasuan erabiltzailea guztiz okerra da. Lehen aipatu bezala, gurutzaontziak turismo forma kutsatzaile eta extraktiboa dira. Venezia, Bartzelona, Lisboa eta Kanariar Uharteekin alderatuta, Donostiara heltzen zaizkigun itsasontziak txikiak dira eta bidaiari gutxi dituzte. Kalitatezkoak direla esango luke zenbaitek. Sea Dreams I-ak bezala, luxuzko bidaiak ordaintzen dituzte turista aberatsak direlako. Jasangarritasun sozialaren aldetik kontuan izan behar da honelakoek inpaktu handia izan dezaketela gure hiran. Bertako biztanleriak baino errenta altuagoko bisitariak hirira etortzean donostiarrontzat aberastasuna sortzen dela dioen mitoaren aurka, errealitatea erakusten ari zaigu kontsumo prezioen igoera eta zenbait guneren esklusibizazioa eragiten dutela.
Bizilagunekin plataformatik hamasei proposamen aurkeztu ditugu udaberri honetan desazkunde turistikorantz iparrorratza jarrita. Gaur egun indarrean dagoen turismo ereduak Donostiako herritarroi sortzen dizkigun kalteak anitzak dira eta gero eta zailago egiten zaie ezkutatzea: etxebizitzaren prezioa, hiri-espazioaren okupazioa, kulturaren merkantilizazioa, gune naturalak arriskuan jartzea, lanpostu prekarioen ugaltzea, gertuko merkataritzaren itotzea… Dagoeneko ez da onargarria turismoaren hazkundea ospatu eta albiste pozgarri bezala kontatzea. Desazkunde turistikorantz proposamenak, bertan bizi garen eta bertan bizi nahi dugunon ikuspegitik egiten ditugu; gure bizi-baldintzak eta gure hirian bizi ahal izatea arriskuan ikusteak eraman gaitu honetara.
Garraioei dagokienez, lurraldeko mugikortasuna bertakoen beharren arabera diseinatu eta antolatu beharra aldarrikatzen dugu. Era berean, beharrezkoak ez diren azpiegitura handien eraikuntzaren kontra azaltzen gara (portu erraldoiak, metroaren pasantea…). Hazkundea ez diren alternatibak probatzeko unea heldu da, gutxi batzuek irabazi eta gehiengo batek galdu egiten duen joko honetaz nazkatuta. Gainera, gaur egun hainbeste orokortu den hipermugikortasunaren inguruan gizarte bezala egin beharreko hausnarketa bat zor diogu gure buruari. Egun hauetan Bartzelonan egiten ari diren Stay Grounded topaketan aireportuen handitzearen eta biderkatzearen aurkako hamarnaka aktibista horretan jardungo dira, besteak beste.
Horregatik guztiagatik, argi ikusten dugu gurutzaontziak ez direla beharrezkoak ezta onuragarriak ere gure inguruko portuetan. Gure hiriaren arazoa ez dela Bartzelona edo Veneziakoarekin parekagarria esanez datorrenari, erantzuten diogu horretara heldu baino lehen erreakzionatu behar dela. Herritarrok gertatzen ari denaz jabetu eta mugak jartzen ez baditugu, etekin gose aseezina eta itsukeria larria dutenen artean atzera ezinezko egoerara eraman gaitzakete. Donostian antolatzen ari gara, baina asko da egiteke dagoena. Pasaian ere, badituzte kezkarako arrazoiak, badiaren berpizte ekonomikoaren irtenbide gisa turismoa eta gurutzaontziak proposatzen dituztenekin. Turistez gain, guregana kalte ekologiko eta sozialak ekartzen dituzten ontzi hauei ere ongi etorri esan behar diegula? Bai zera!