'Estatuak sortutako biktimen aitorpena?'
Miren Salegi, Amara
Pasa den astelehenean, otsailak 20, gaueko albisteetan Lakuako gobernuaren Justizia- kontseilari Idoia Mendia agertu zen. 1968 eta 1978 urteen bitartean estatuak sortutako biktimen aitorpenari dagokion dekretuaren zirriborroa aurkeztu zuen. Aitorpen hau, lehengo Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Sailak sustatuta, oinarrizkoa da Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidean, eta biktima eta haien senideentzat ezinbestekoa. Arretaz entzun nuen Mendia andreari esaten ari zena: “Ez da biktima hauei ordaintza egin eta kalte-ordaina ematea soilik, baizik eta dekretu honen bitartez biktima hauek denbora luzean inguratu dituen isiltasuna, utzikeria eta ahanzturazko errezela irekitzea da nahi duguna. Zigorgabetasunaren aurrean, egia aitzinetik”. Eta gustukoak izan nituen bere hitzak. Eta arretaz entzuten jarraitu nuen, horrela zioenean: “Dekretu honek ez ditu epaituko biktimarioak izan zitezkeenen jarrerak” –RAEren arabera, eraileak–, eta haien ekintzak “ekintza desegokitzat” jotzen zituenean. Eta bere hitzak ez zitzaizkidan gustatu, hipokritak izateagatik uste dut. Baina Justizia-kontseilariari entzuten eta ikusten jarraitu nuen, estatuak sortutako biktimen aitorpenari dagokion dekretu baten aurkezpenean –ez dezagun testuingurua ahaztu–, eta entzun nion esaten, gorria jarri gabe eta ahots tinkoz, ETAren biktimak “lasaitu” nahi zituela, bermatuz dekretu honetan ez zirela kabitzen, “ez parekatzerik ez distantziakidetasunik”. Eta bere hitzek haserretu ninduten, ustez aitortu behar zituen biktimak bigarren mailan kokatzen baitzituen berriro. Hala ere, zerbaitetan ematen diot arrazoia Mendia andreari, eta hedaduraz PSOEko Eusko Jaurlaritzari: gure anaia Mikel Salegi, Guardia Zibilak kontrol baten eraila, ez da sekula izango errepresio frankistaren sinboloa den eta hil ostean “biktimatzat” jo zuten Meliton Manzanas torturatzailearen “berdina edo baliokidea”. Norbera bere hitzen eta jarreren erantzulea da, Mendia andrea.