Gutuna: 'Eragin eta erabili euskaraz bizitzeko aukerak'
Dani Goñi. Bagerako lehendakaria
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen izenean dei egin nahi dizuet donostiarroi eta gipuzkoar guztioi euskaraz bizitzeko aukera guztiak balia ditzagun.Txalogarria iruditzen zaigu herritarrekin euskara hutsezko harremana izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena. Ekimen hori, ordea, ezertan gera daiteke herritarrok ez badugu aukera baliatzen. Datozen asteetan, errenta aitorpena egiterakoan, Aldundiarekiko harremana euskaraz izatea aukeratu ahal izango dugu. Ezin dugu aukera alferrik galtzen utzi.
Erabilera, erabilera omen da euskararen arazoa; erabilera eza zehatzago esango. Erabili dezagun, bada.
Administrazioaren eguneroko funtzionamenduan, eta haren eta herritarren arteko harremanetan, erdara jaun eta jabe izan da luzaroan. Azken urteetan, euskarak urratsak eman ditu arlo horretan normalizaziorantz, baina oraindik ere erdara dugu hizkuntza nagusia. Zenbat alditan entzun dugu administrazioan, “erdaraz, mesedez”?, Zenbat alditan ez ote dugu jaso inprimaki bat erdara hutsez? Administrazioak buelta eman behar dio egoera horri, eta eredu izan behar du: euskaraz bizi daitekeela erakutsi behar du.
Orain, herritarrok ezin dugu hutsik egin. Batzuk zalantza izango duzue: ez nago alfabetatua, gauza horiek euskaraz egiteko ohiturik ez daukat… Ziur nago funtzionario eta langile euskaldunek prestutasun osoa erakutsiko dutela horretan laguntzeko. Ausartak izateko eta harrotasuna erakusteko garaia dugu. Euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu eta Aldundiarekin harremana euskaraz izatea aukeratu behar dugu. Euskaraz bizitzea aukera dezagun!