Gutuna: 'Bittor Hidalgori azalpenak'
Nerea Txapartegi, Donostiako Udaleko Euskara delegatua
IRUTXULOKO HITZAn atzo argitaratutako eskutitzaren harira azalpenak eman nahi dizkiot Bittor Hidalgori. Donostia Kulturak ez du inor baztertu nahi, are gutxiago euskaldunak. Udal gobernu berriaren lehentasuna euskara da, eta hau ez da asmo edo teoria hutsa, praktikara eramaten ari garen errealitatea baizik. Udaleko eguneroko lanean euskara lan hizkuntza bihurtzen ari baikara, lehen euskara erabiltzen ez zen batzordeetan euskara hutsez aritzen baikara, eta kalera begira ere neurriak hartzen ari gara, euskararen normalkuntza bide horretan pausoak emanez, elebitasuna ekitaldi ofizial guztietan bermatuta egon dadin. Egia da batzuetan gauzak ez direla guk nahi bezala egiten, eta ez da gure lana egiten ari ez garelako, baizik eta garai bateko inertziak oraindik oso errotuta daudelako. Iraulketa hori ez da egun batetik bestera egiten. Ulertuko duzuelakoan nago. Honek, baina, ez du aitzakia izan behar. Eta hitza ematen dut, berriz ere, gure eskuetan dagoen guztia egiten jarraituko dugula euskara eremu eta esparru guztietan hitz egin eta entzun dadin. Horren berri eman izana eskertzen dizut zentzu horretan; behar den guztietan horrela egingo duzulakoan. Donostia euskararen hiria izateak guztion erantzukizuna delako. Goazen bada, guztion artean, Donostia berrian bizi garela agerian uztera. Adeitasunez.