Gutuna: 'Eskerrik asko Karmele (Esnal)'
Aitziber Gurutzeaga, Bagera Elkarteko Mintzalagun taldeen koordinatzailea
Oraindik gogoan dugu erretiratu berritan Bagerara etorri zinenekoa. Urte mordoa lanean aritu ondoren, euskararen alde lan egiten jarraitu nahi zenuen. Oraingoan euskara ikasten ari ziren mintzalagunei laguntzeko zure burua eskaini zenuen. Eta eskatu bezala, Esther eta Maribelekin batera hirukotea osatu genuen mintzapraktika egin zenezaten. Maribel euskara ikasten ari zen. Senideen artean euskaldunak bazituen, baina hitz egiten ez zen ausartzen eta kalean are gutxiago. Estherrek, berriz, elgoibartarra, euskalki ederrean egiten zuen, baina bere euskara Donostian hitz egiten ez zen ausartzen inork ulertuko ez zuelakoan.
Ibilbideari ekin zenion zure bi mintzalagunekin eta astero-astero, ikasturte bat eta beste bat, eta beste bat… Estherrek eta Maribelek zituzten premietara ongi moldatzen asmatu zenuen. Antolatzen ditugun ekintza osagarrietan parte hartu zenuten, bereziki, afarietan gogoan dut zein umoretsu etortzen zinen, eta bertan gainontzeko mintzalagunekin barra-barra aritzen zinen euskaraz.
Duela hilabete topo egin nuen Maribelekin kalean, eta euskara hutsean izan genuen elkarrizketa. Hau poza, urteak elkar ikusi gabe eta hain modu naturalean egin zuen euskaraz! Zein garrantzitsua den zuk eta zu bezalako mintzalagunek egiten duzuen lana. Zuk ereindakoa kalean zabaldu da. Muxu handi bat.