Gutuna: San Telmo Odonen museoa?
Jexux Arrizabalaga, Parte Zaharra
Datorren martxoan urtea beteko du San Telmo Museo berrituak. 1902an sortua omen da, beraz, Euskal Herriko zaharrena. Gure gizarteak historian zehar izan duen ibilbidearen erakusleihoa izan nahi du, eta Gipuzkoako beste museoetarako sarrera. Ikus dezagun eginkizun hori betetzen duen. Eraikuntza berriari begiratzen badiogu ikusiko dugu zaharra berriarekin lotu dela. Egia da abandonatu xamar zegoela aurretik eta bazuela berritzeko premia. Gustatzen zait nola gelditu den. Batez ere, sarreran dagoen atari zabala. Plaza handia, jadanik jarduera anitzetarako gune bihurtu da. Barrura sartu eta harrera eta inguruko aretoak modernoak, erosoak eta erabilgarriak direla dirudi. Hala ere, entzuten dira hainbat kritika duten audizioaren inguruan. Pentsatzen dut akats horiek zuzentzen joango direla. Museoari bisita egiten hasita behea eta bi solairu nagusirekin aurkituko gara. Behean milaka urteko historia kontatzen da, historiaurretik XVIII. mendera arte, eta 1. solairuan azken 200 urteak, beraz, desorekatuta dago. 2. solairua arte ederrena da. Has gaitezen behe solairuarekin. Harri Aroari lotuta aztarnategi garrantzitsuak daude gure herrialdean: Ekain, Altxerri, Prailehaitz… Bada altxor hauek ez daude behar bezala islaturik. Informazioa falta da. Irudiak eta argazkiak ere falta dira. Informazioa kaxkarra da, eta dagoena irakurtzea ere zail egiten da, izan ere argitasun gutxirekin eta hizki txikietan daude testuak. Brontze Aroaren eta Burdin Aroaren inguruan ezer gutxi dago, objektu gutxi batzuk besterik ez. Kontuan izan, Burdin Aroari dagokionez, bederen, herrialdean daukagun informazioa handia dela –10 bat gune katalogatuak–. Ondoren , erromatarren aroa dator. Nahikoa pobrea. Harri gutxi batzuk bestetik ez. Baina, okerrena da hortik salto egiten duela XVI. mendera. Donostia 1200. urte inguruan sortu zen hiribildu moduan. Sortzailea Nafarroako erresuman erregea zen Antso Jakituna VI.na izan zen. Gainera, Donostiari portua kudeatzeko arauak edo forua eman zion. Karta edo foru horiek Europako beste portu garrantzitsu batzuen kudeaketarako balio izan zuten, Donostiakoa hartu baitzuten eredu. Bada, hiribildua noiz sortu zen, nork sortu zuen, bere garapena zein izan zen… ez da ezer agertzen. Garai honetakoak dira Gipuzkoan sortu ziren beste hiribildu gehiago. Halaber, garai horretan Gaztelako erresuma eta Nafarroakoaren artean zer gertatu zen argitasuna emango lukeen informazioa izatea ez legoke gaizki. Balioko luke herrialdeko armarria, izan duguna eta orain duguna, ulertzeko, adibidez. Eskelak edo hilarriak ondo. Aukera handia, baina azalpen falta dago, nongoak diren, non bilduak ez du jartzen. Argizaiolen gainean ere ez du azalpenik ematen: zertarako erabiltzen ziren, non eta abar. Lehenengo solairura igo eta harrituta gelditzen zara hasieratik bertatik. Zer egiten du hor Cadizeko konstituzioaren oroigarri handi horrek? Zer ikusia dauka konstituzio horrek herrialdearen bilakaerarekin? 1813ko udan, abenduan eta irailean, bereziki, izugarrizko sarraskia jasan zuen Donostiako hiriak, non mila lagunetik gora herritar hil zituzten, emakume guztiak bortxatu, ondasunak lapurtu eta hiriari su eman zioten. Bada, sarraski honi buruz ez dago ezta aipamenik ere. Zer izan nahi du museo honek hiriak eta herrialdeak izan dituen gertakizun garrantzitsuenak ezkutatzen baditu? Euskal kulturari eskainitako panel handi bat dago. Ez dut uste halabeharrez egina dagoenik. Pio Baroja, Miguel Unamuno edo Ramiro de Maezturen argazkiak eta testuak azaltzen dira, baina Sabino Aranarena ez, Bilintx, Txirrita edo Xenpelar azaltzen ez diren bezala. Bertsolaririk ez da azaltzen. Iparraldeko inor ez da azaltzen, ez Axular, ez Agustin Txao, ez Anton Abadia, inor ez. Modu partzialean egindako panela da. Penagarria. Gune honetatik hurbil elizako korura pasatzen gara. Koru hau tresnaz beterik dago: lera bat, laborea eta lekalea garbitzeko makina bat… Hau da, koru batekin zer ikusirik ez duten tresnak. Gipuzkoan koruarekin zerikusia duten altxor ugari dugu. Gune honek beste modu batean hornituta egon beharko luke. Aurrera jarraitu eta1936ko gudaren inguruko berri ematen zaigu. Bandera errepublikarra agerian dago, baina ikurrinik ez, CNT erakundearen erreferentziarik ere ez. Donostian ia 400 lagun hil zituen errepresio frankistak. Horren aipamenik ere ez da egiten. 1976an hasi zen trantsizioa deitu garaitik ondorengo urteetan gertatutakoaren informazioa egunkarietako zatiekin osatuta dago. Guztiak erdarazkoak dira, eta ematen duten informazioa ETAk egindako ekintzen ingurukoa da. Ez dago ezer torturari nahiz errepresioari buruz. Aipatutako gabezia hauez gain, beste zenbait ere aipa daitezke. Ni hemen geldituko naiz Bernardo Atxagaren hitz egiteko moduetako batekin amaitzeko: Beharbada, museoaren diseinua, antolaketa eta egikaritzea, hau da, hasi eta bukatu nola egin erabaki duena Odon Elorza izan da, seguru asko.