'Gutuna'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Azken hilabeteotan, idatzi ditut zenbait gutun. Bai bai, gutunak… zergatik behar du izan arraro gutunak idaztea baina? Gutunak bidaltzea baina… badirudi museotik pasatu beharra dagoela, zigilua jartzeko. Anormaltzat jo izan dute lagunek gutunak idazten ditudala esaten diedanean. Eta ez da Correosekoen etorkizunean pentsatzen dudalako, baina ezin didazue ukatu, gutuna jasotzea ilusio sortzailea dela. Azken batean, oparia baita… Are gehiago, opari hori espero ez denean. Eta zer esanik ez, bertan irakurtzen den horrek zer edo zer sortzen badu barruan… Baina, gutuna idaztea ere bada ederra, idazte hutsa ere… A ze plazera! Orri zuriak, boligrafoa… Ez daude letra txarra duen batentzako eginak, eta portatilaren aurrean jarri, gelako lanpara txikia piztu eta hortxe hasi naiz. Aurretiaz, irakurriak nituen idazteko eta komunikaziorako, jende aurrean nola hitz egin gomendatzen dituzten liburuak, baina gutunak idaztea, hori baino gehiago da. Gutunak, komunikatzeko tresna baino, sentitzen dena adierazteko elementutzat kontsideratu izan ditut. Terapia bailitzan. Askotan, nondik hasi ez da asmatzen… non bukatu ez da jakiten… baina, beti bada zer edo zer esateko nahia. Gutunak idazteko prozesuak ere, badu artikuluok idaztekotik zerbait. Gezurra esango nizuke irakurle, idazten ari naizen hau pentsatzen asteak daramazkidala esango banu. Gezurra da, irakurtzen ari zaren honek, berrirakurketa izan duenik ere… Hasi eta buka. Idatzi behar dudan emaila jasotzen dudanean, pentsatzen jarri, eta burura datorkidan aurreneko horri tiraz, irakurtzen ari zaren honetara iristen naiz. Ziurrenik, gauza transzendentalak balira gehiago pentsatu beharko nuke… gaizki ulerturik egon ez dadin. Nire idatzi bakarrak izan ditu erantzunak. Akaso, erantzunak jaso zituen hori izan zen erantzunak emateko modukoa. Azken batean, beste ia denak, lehen pertsona singularretik idatziak egoteaz gain, lehen pertsona singularrak sentitu, pentsatu, bizi edo kontatu nahi izan dituen gauzak direlako. Gehiengoak, ezberdinak izango ziren. Baina iruditzen zait, idazten ditudan hauek ez ditudala zuretzako idazten, niretzako baizik. Eta, akaso oker nabil, baina iruditzen zait niretzako diren artikuluok gustagarri izan daitezkeelako zuentzako. Gutunak bezalatxu. Idazteak baduelako plazeretik. Baduelako norberetik, baduelako norbere harridura sortzeko kapaza den zer edo zer. Gehiegi pentsatu gabe hasi, eta, sarritan, harritu egiten naiz idatzi dudan hori zeinen ondo –edo gaizki– idatzi dudan ikusita. Hiru pertsonari bidali diet gutuna. Eta, ziur naiz hiruengan erneko dela zerbait. Bati, begiak bustiko zaizkiola uste dut; besteak, askatasun haizea jasoko du hizki bakoitza irakurri ahala… Eta azkenengoak, bihotzean ziztadatxo bat eragitea du xede… Ez dut baina, euren gutunik jasotzea espero, ez dut euren gutunik jaso nahi. Euren muxu eta besarkada bat jasota aski nuke. Badakit, begiak bustiko zaizkion horrek, emango didala inoiz eman ez didana bezalakoa… Badakit, askatasun haizea hizki bakoitzean duen horrek kartzelatik ateratzean emango didala ziega bezain estua izango den besarkada… Eta hirugarrenak, hirugarrenak… baneki!