Haitzean jaioak haitzera nahi
Duela pare bat aste, udal gobernuak Illunberen berritze proiektua aurkeztu zuen, hiriak merezi omen duen erabilera anitzeko espazioa sortzeko asmoz. Helburua, dirudienez, azpiegitura moderno eta funtzional bat izatea da, kirola, kultura eta bestelako ekitaldiak hartzeko gai izango dena. Hala ere, horren atzean dagoenak galdera asko sortu dizkit.
Illunbe berrituko da, baina zein helbururekin? Proiektuaren aurkezpenean argi utzi zuten ez direla zezenketak bertan behera uzteko asmotan. Alegia, espazioa berrituko da, baina tradizio zaharkitu bati eusteko lekua ere emango zaio. Euskal jendartea aldatzen ari da, eta gero eta pertsona gehiago dira zezenketen aurka daudenak, askok uste baitugu animalien sufrimendua ez dela ikuskizun izateko modukoa. Hala ere, udal gobernuak badirudi betiko interes ekonomiko batzuen aldeko apustua egiten duela, eta zaku berean sar genitzake hirian egiten ari diren (edo jada eginda dauden) makro obra ugari: Marrutxipiko saihesbideko irteera berria, Basque Culinary Centerren Groseko eraikina, abiadura handiko trenaren obrak zein Kontxaraino iritsiko den metroaren irteera…
«Donostia turismoaren eta elite ekonomikoaren alde diseinatzen aritzeak, jogurten antzera, iraungitze data du»
Horrek herritarrongan kezka handia sortzen du. Izan ere, benetan horrelako proiektuetara bideratu behar al da dirua, jakinik behar oinarrizkoenak aseta ez dituzten jende kopurua oso handia dela, oro har, bizitzaren garestitzea, izan pobrezia energetikoa, elikagaien prezioen igoera, zein kalean bizi diren pertsonen kopurua etengabe hazten ari dela. Kale egoeran dauden pertsonek ezin dute etxebizitza bat eskuratu, eta instituzioen laguntza eskasa da. Urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra, Kaleko Afari Solidarioak taldeak 1.510 afari banatu zituen; horrek esan nahi du, batez beste, egunean 215 otordu bero banatu direla. Hau kezkagarria da oso, Donostian kale egoeran horrenbeste jende izatea onartezina da.
Donostian bizi garenon bizitzak atsegin eta bizigarri egiteko azpiegiturak behar dira, eta, noski, lehentasun politikoaren araberakoa izango da elementu batzuk lehen lerrora eramatea. Zein hiri mota nahi dugu? Zein hiri mota egiten ari zarete guretzat? Herritarrok gara, hiria modu batean ala bestean gorpuztu, egunerokoan biziko dugunak. Luxuzko azpiegitura batzuen atzean, gero eta baztertutako gizarte sektore handiago bat dago. Donostia turismoaren eta elite ekonomikoaren alde diseinatzen aritzeak, jogurten antzera, iraungitze data du. Izan ere, benetako garapenak, beste gauza askoren artean, politika publikoak gizartearen behar errealetara egokitzea dakar.