Hamar mar-mar
Hamarnaka lagun elkarretaratu ziren» esaldia maiz irakurri dugu egunkarietako argazki-oinetan. Jende multzo handiak adierazteko erabili izan dugun «hamarnaka» hitza, mugatzaile ere bazaigu orain. Hamar pertsona, gehienez. Gehienez hamarnaka bizitzea, arau. Gure harremanetan «burbuila txikiak» sortzeko eskatu digute agintariek. Haurren harremanak mugatu behar omen ditugu bereziki. Muntaketa-kate bateko langilea zintan datozen piezekin bezala aritu beharko dute haurrek beren urtebetetze eguneko gonbidapenak egitean: orain lagun hau hautatu, orain lagun hau baztertu.
Nire ingurukoengan pentsatzen ari naiz. Zein utzi beharko nukeen nire bizipenen festatik kanpo. Bertso eskolako lagunak? Kuadrilakoak? Herritik urrun egonagatik beti hor dagoen lagun on-on hori? Familia? Kofradiako lagunak? Lagunak zaintzea beraiekin ez egotea omen da pandemia garaiotan. Kontzeptu arrotza zait, baina kulparen sentipena eta nere buruari mugak ezartzea ekarri dit: talde batekin egon eta astebeteko segurtasun tartea pasatu arte nola elkartuko naiz, ba, beste lagun horrekin… Nire gorputzaren eskemetan enkajatzen ez duen pieza batekin nabil ika-mika. Zaintza ezin dut lotu urruntasunarekin. Zaintza goxotasuna da, ukitzea da, besarkatzea. Eta hor nabil, elkartzen banaiz elkartzen naizelako eta elkartzen ez banaiz elkartzen ez naizelako, ezin lasai egon egiten dudanarekin. Marie Kondoren metodoak edozer antolatzeko balio zezakeela uste nuen, baina honekin ezin izan du. Harremanak ezin dira sailkatu, ezin dira armairuan gutxien erabiltzen diren atalean apartatu egunen batean berriro erabiltzeko esperantzan.
Eta hara non, nire kulpak eta harreman moduak kudeatzen ari naizen honetan, agintariek ez duten gehitu zerbitzurik garraio publikoan —hamarnaka pertsona pilatu ez daitezen—, ez eta eskoletako ratiorik murriztu ere.