Handitasunaren arrakalak
Otsailean tiranteetan egongo ez ginela pentsatzen genuen bezala, Noria – bai, hitz larriz, izen berezi estatusa lortu baitu Donostiakoak– gaindituko zuenik egongo ez zela pentsatzen genuen. Baina, bietan oker. Noriaren handitasuna txiki geratu zaigu Miramar jauregiaren parean jarritako ‘Donostia-San Sebastian’ panela osatzen duten 20 hizkien ondoan. Hogei bloke urdin handi non gauden ahaztu ez dezagun, –edo dezaten, turistek, hirian eroso bizi daitezkeen gutxienetako horiek–.
Handi –handiena–, eta eder –ederrena–, nahi dute batzuek Donostia. Munduko handi eta ederrena. Eta horretarako, Noria, Gabonetako apaingarri ugari, hiriaren izena XXL tamainan, festibalak eta suziriak. Hori dute Donostia munduan zehar iragartzeko bide eta helduleku. Baina, ez hori bakarrik. Hiriaren naturaltasuna ere baliatu dute euren harrotasuna are gehiago puzteko.
Berriki, Kontxako hondartza Europako onena eta munduko hamar hondartza onenetariko bat izendatu dute. Kontxa. Gogoratzen al du gutako inork bertan toaila lasai zabaltzeko aukera izan zuen azken aldi hura? Eta, gogoratzen bertako paseotik lasai ibili zen azken aldia? Beharbada, garai horretan planteatu zezakeen inork Donostian pisu bat erostearen ideia. Baina, gaur, hori ere ezinezkoa zaigu gehienoi: egun, Donostia «campeona de precio de vivienda libre en el estado» dela irakurri ahal izan dugu Donostitik webgunean. Geure hirian pisu bat erosteko kalkuluak egiten dabilen horri, oharra: ekuaziorako hasierako zifra hauxe: 3.590,9 euro metro karratuko.
Eta handitasun horri txikitasuna ikusiko diote batzuek gainera. Izan ere, ez al da ba prezio egokia munduko hondartzarik onenetako bat duen hiriarentzat? Suziriak, hiriaren izena letra handietan, eta Mitxelin izarrak kaleetan… Zer dira bada, 3.590,9 euro metro karratuko?
Prezio horien barnean, baina, «pitzatzeko arriskua» oharra jartzea ahaztuko zitzaien, gainera. Beharbada, ez dira ohartu hiriaren erdiguneko etxe dotore horietako batzuetan hasi direla pareta eta zoruetan arrakalak zabaltzen. Eta ohartu badira, arrazoia zein den ez dute argi izango. Metroa eraikitzeko obrak pitzadura horiekin lotu? Nola bada!
Arrakala horiei gailendu zaio Woody Allenek Donostian filmatu nahiaren berria. Honek bai ematen diola hiriari XXL tamaina. «Ciudad de compras, musicales y del buen cine». Ez dago handitasun horrekin bukatuko duen arrakalarik.
Baina, eskerrak badugun ikuspegi kritikoa azaltzeko aukera –momentuz–. Eta, arrakala guztien gainetik, baita indarrak batzeko grina ere. Kalanbreak jasango baditugu ere, jarraituko dugu «Donostia bakarra munduan» kantatu bitartean, geuretzako hiri bat eraikitzeko nahiez. XXL tamaina, txikitasunean daramagu batzuek.