Harremonak
Gizakiari harremantzea beharrezko egiten zaiola esatea ez da gauza berria. Oso gutxi dira bakarrik eta besteekin nahastu gabe bizi nahi dutenak, eta are gutxiago praktikara eramaten dutenak.
Gazte garenetik sentitzen dugu bikote harreman batean murgiltzeko premia, eta probatzen hasi ohi gara: bikote harreman bat lehenbizi, gero bestea, eta horrela… noiz arte? Ba, suposatzen da guretzat egina dagoen bikotekidea aurkitu arte. Kuriosoa egiten zait, pertsonaren jarrera estatiko suposatzen duela gizarteak, alegia, betiko berdin izango bagina bezala, gure jarrera eta harremantzeko modua inoiz aldatuko ez bagenu bezala. Baina hau horrela al da?
Zenbat dira, bikote harremana egonkortu eta denbora jakin batera bizimodu hori uzteko beharra sentitzen dutenak? Zenbatek eraiki ohi du bizimodu oso bat harremanari lotuta? Ingurura begiratzerik baino ez dago. Baina niri jakin-min gehien sortzen didana horren zergatia da. Akaso ni naiz nahastuta nagoena, eta bikote harremanaren bukaera traumatikoki bizitzeak harremana bera ez izatera bultzatzen nau, eta benetan, harreman horrek irauten duen bitartean pasa diren gauza onak besterik ez dira kontuan hartu behar, baina, benetan, galtzerdiak bagina bezala, bikote bat izateko beharra dugu?
Gizakia jaio eta hiltzen den artean aldaketa etengabeko bat ematen da norbanakoan, eta horrek bikote harremana ere aldatzen du. Hortaz, kendu dezagun burutik badagoela betiko izango den beste bikotekide bat. Ez, ez gara laranja erdi bat.
Onartu dezagun harremanaren ekuazioan sartzen den edozein perturbazio potentek harremana guztiz aldatuko duela, adibidez, seme-alabak, elkarbizitza, jende berria ezagutzea, lan aldaketa, denbora librearen kudeaketa… hau da, gure bizitzan pasako den ia edozer gauzak aldatuko du gure harremana.
Onartu dezagun harreman baten irungitzea ez dela bikotekideen porrota. Soilik, ez garela gai harreman berritu hori aurrera ateratzeko, edo xinpleki ez dugula nahi. Eta ez da deus pasatzen. Gu aldatzeagatik aldatzen baita harremana bera, eta ez bagaude eroso, agian harremana eten behar dugu.
Eta zergatik hau guztia? Iruditzen zait sozialki izugarri presionaturik gaudela bikote harreman bat aurrera ateratzeko. Bereziki pack osoa erosi behar denean: maitasuna, elkarbizitza eta sexua. Dena pertsona berarekin. Esklusiboki. Hau guztia gutxi balitz bezala, gainera, garai bakoitzari «estra» batzuk gehitu behar zaizkio: oporrak elkarrekin, ezkontza, seme-alabak, hipoteka… hau irakurtzen ari bazara, akaso pentsatuko duzu esajerazio hutsa dela, baina benetan, hau pasatzen dela, exijitzen zaigula uste dut.
Ba, nire iritziz, izan ditzagun harreman onak, guk aukeratuak, elkarren artean zainduak (eta zaintzeak ez du esan nahi neure burua soilik zaintzea, baizik eta bestea zaintzen dudalako ni ere zainduta sentituko naiz), eta gertatuko diren aldaketak ondo ulertuz eta aztertuz, nahi bada aurrera egin ahal izateko. Eduki ditzagun harremonak. Mesedez.