Harrien azpian bilatzen dugu beti
Donostia-Pasaia-Oiartzun-Errenteria eremuan Lucas Michelena Aramburu milizianoaren senideak aurkitzeko idatzitako idazkia da hau, deialdia, hain zuzen ere. Gurekin harremanetan jartzeko hauxe duzue gure helbide elektronikoa, oroimena@gipuzkoa.cnt.es.
Lucas Michelena 1900. urtean Errenterian jaio zen, eta Donostiako Ondarreta kaleko 3. zenbakian bizi izan zen, Antigua auzoan. Teresa Hernandezekin ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituzten: Juan, Prudencia, Sabina, Josefa, Andres eta Teresa. Lucasen senide edota ondorengoen bila gabiltza. Lucasen beste anaia-arreba batzuk ere (Juan, Candida, Lucia eta Mari Cruz) milizianoak edo gudariak izan zirela uste dugu. Honi buruz egon daitekeen edozein jakingarri, argazki edota agiri aurkituko balitz, guretzat guztiz interesgarria litzateke.
Lucas EAE-ANV alderdiko kidea zen, eta CNT sindikatuan ere bazkidetua zegoen. 1936ko uztailean, Donostian, faxistak garaitzeko izandako borroketan aritu zen. Loiolako kuartelean faxistek amore eman ondoren, Defentsa Batzordeak antolaturiko jokabidearen arabera, Antigua auzoko erretenera bidali zuten. Irunen izandako borroketan ere aritu zen.
«Donostia-Pasaia-Oiartzun-Errenteria eremuan Lucas Michelena Aramburu milizianoaren senideak aurkitzeko idatzitako idazkia da hau, deialdia, hain zuzen ere»
EAE-ANVko 1 zenbakiko batailoian izena eman zuen, Olabarri esaten zitzaion horretan, hain zuzen ere, eta tuberkulosiaren ondorioz larriki gaixotu arte, batailoi honek egindako borroka ibilbide guztian aritu zen. 1937an, Pedreñatik Bartzelonara ebakuatu zuten, eta bere gaixotasun larriaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak “erabateko ezgauza” gisa sailkatu zuen. 1939ko urtarrilean, tropa frankistek preso hartu zuten, eta Donostiako Zapatari espetxera bidali zuten. Bere heriotza agirian irakur daitekeenez, espetxe horretan 1939ko apirilaren 2an hil zen, 10:30ean. Beste informazio baten arabera, fusilatua hil zen, baina gure ikerketa xumearen arabera, hau ez da egia.
Ohi bezala, gure bazkide baten historia ezagutzeko oztopo ugari gainditu behar izan dugu, beren burua “demokratatzat” jotzen duten horiek, gehienetan gertatzen den moduan, beraiek egindako oroimen demokratikoaren legea ez dutelako betetzen, eta oinarrizkoena ere ukatzen digute. Eta, jakina, aurrerantzean ere egoera hau okerragoa izango dela uste dugu, baina aurrez aurre ikusiko gaituzte.
Beti itxaropen bat badago, borrokarena alegia, eta IRUTXULOKO HITZAri gure eskerrik zintzoena adierazi nahi diogu, tartetxo hau uzten digutelako. Osasuna eta Askatasuna.
