Harro Herri ala Harro Penis?
Astuna sentitzen naiz horrelako pentsamenduak ditudanean, are gehiago partekatzen ditudanean. Baina, hara sorpresa, bakarra ez naizela konturatzen naiz hori egitean. Zertaz ari naizen? Gizonez, berriz ere.
Saiatzen naiz, bihotzez, haiek nire pentsamenduen erdigune ez bilakatzen, baina zaila da leku eta momentu oro protagonismoa hain sutsuki bilatzen dutenean. Are gehiago lortzen dutenean, inguruan ehunka pertsona izan arren.
Herenegun pasatu zen Korrika herritik, eta euskaltzale amorratuenetatik hamar urteko mutikoak arte, protagonismoaren lekukoa ezin askatu ikusi nituen gehienak.
Korrikan parte hartzea besterik ez dago konturatzeko. Nortzuk hartzen dute batez ere pankarta? Gizonek. Nortzuk agertzen dira bide bazterretik besteak aurreratu nahian? Gizonak. Hainbeste jende dagoenean abiadura mantsotu eta poliki-poliki joan behar dugunean, nork uste du Korrika lehiaketa bat dela gainontzekoak atzean uzten saiatuz? GIZONEN BATEK.
Uste dut gehiengoak argi ditugula Korrikaren helburuak eta balioak. Baina, badaezpada ere, lantzean behin gogorarazpen ttipi bat gaizki ez datorrela uste dut: Korrikan, euskara da protagonista, ez zuen zakila.
Emozioa azalean pankarta aitzinatzen duten umeak? Ez dut uste erantzuna beharrezkoa denik. Simone de Beauvoirrek esan zuen emakumeak ez garela jaiotzen, egin egiten garela. Ba, gizonekin berdina gertatzen da, harrotasun falikoa xurgatu eta Harro Herri ordez, Harro Penis oihukatzen doaz Euskal Herri osotik zehar.
Eta sinesten ez duenarentzat, Korrika 24 orduz ematen da zuzenean, mugikorra edo telebista piztea besterik ez du begiradatxo bat emateko ea erratuta nagoen ikusteko.
Dena den, ziur nago ez dela beti horrela izango, ez direla gizon guztiak izango (eskerrak), emakume batzuek ere horrelakoxeak egingo dituztela, eta politikoki zuzenak izateko hainbestetan errepikatu behar ditugun leuntze esaldi guztiak. Baina zuzentasun politikoa alboratuz: ni astuna izango naiz, bai, baina zuek plasta hutsak.
Uste dut gehiengoak argi ditugula Korrikaren helburuak eta balioak, zergatik sortu zen eta zergatik antolatzen jarraitzen den. Baina, badaezpada ere, lantzean behin gogorarazpen ttipi bat gaizki ez datorrela uste dut:
Korrikan, euskara da protagonista, ez zuen zakila.