Hau mundu aldrebesa (I)
Munduan nola gabiltzan, nora goazen eta zer erronka dauzkagun aztertzen ari diren persona eta erakundeek zer dioten jakin nahi izanez gero, aurkituko ditugu horiek aztertzen diharduten pentsalariak. Horietako bat Ekai Center elkartea da eta bereziki bertako Adrian Zelaia. Gizon hau hartuko dut erreferentzia, izan ere, egiten dituen analisiek merezi dute guztiok jakitea, mundua nola ari den mugitzen, nondik nora doan eta zer erronka ditugun aurrean jakiteko, alegia.
Mendebaldeko jendartea (AEB, Europa eta Hego Amerika) zein egoeratan bizi den ikustea ezinbestekoa da ulertzeko nora goazen eta zer egin behar dugun bide hori edo bide horiek baztertzeko.
Gaurko gure munduan korporatibismo posmodernoa deituko dugun elitea da nagusitu zaiguna.
Zer da korporatibismo posmodernoa?
Elite ekonomiko eta kulturala, mendebaldeko bizitzak nolakoa izan behar duen erabakitzen duen elitea dela esango genuke. Elite honek dio aurrez aurre gaudela mendebaldeko eredua eta baloreak Ekialdeko jendartearekiko.
Ikus dezagun zergatik.
Mendebaldeak bultzatzen dituen baloreak, besteak beste, dira indibidualismoa kolektiboaren aurka edo bestela esanda, balio indibidualak sozialen aurka. Balio sozialak korporazio handien aurka.
Korporazio posmodernoak nazismo berriaren bariante bat dira. Balore posmodernoek nazismoa eta faxismoa bultzatzen dituzte. Nazismo eta faxismo berri bat. Elite hauek duten helburu ekonomikoa jendartearen menpekotasuna eta kontrol soziala bultzatzea da. II. Mundu Gerra aurretik eta ondoren, elite hauek berberak dira, eta hasieratik nahi izan dute langile mugimendua indargabetu eta Sobietar Batasuna suntsitu. Eta neurri batean lortu dute eta lortzen ari dira. Naziak eta faxistak ez dira izan, soilik, Hitler eta Mussolini eta enparauak. Erresuma Batuko eta, batez ere, AEBetako elite korporatiboak ere badira, eta segitzen dute bide horretan euren dirua eta boterea erabiltzen.
Aro Posmoderno honetan, elite hauek indar handia dute euren baloreak eta politika gure jendartean txertatzeko. Posfeminismoa, antinatalismoa, globalismoa… euren diskurtsoaren parte dira. Ezkerra deitu izan duguna ere neurri batean bereganatu dute; mugimendu sozialak, adibidez, feminismoa, GKEak, NBE, zenbait ekologista mugimendu, giza eskubideak defendatzen dituzten zenbait erakunde, euren mende daude.
Elite horiek munduan agintzen segitu nahi dute, orain arte bezala, eta hori erdiesteko edozertarako prest daude.