Haur euskaldunak krispeta gose
Zineuskadik urtarrilaren 31n estreinatu zuen haurrentzat euskarara bikoiztutako film bat, Azerik eta erdik basoa salbatzen dute. Itxura ona zuen, benetan. Zorionekoak filma ikusteko aukera izan zenutenok, egun bakarreko kontua izan baitzen. Berria jakiterako, filma jada ez zegoen ikusgai. Egun bakarreko proiekzioa izan zen Donostia osoan. Esklusibitatea zer den. Masa produktu izateko sortu zen zinema. Ez, ordea, hizkuntza gutxituetako hiztunontzat. Hain gara espezialak, euskarazko zinema esperientzia bakar eta errepikaezin bilakatu dela. Efimeroa, bakana.
Berriki, salaketa komunikabideetan: 900 filmetik gora estreinatu ziren 2014an Euskal Herrian. Horietatik, baina, hiru bakarrik euskaraz sortutakoak: Bizkarsoro, Negu hurbilak eta Azken erromantikoak. Zinema Euskaraz programaren baitan, euskarara bikoiztutako haurrentzako hamaika film eskaini ziren. Pantailak Euskaraz eta Zinemak Euskaraz taldeek egindako ikerketaren datuak dira. Zinema da euskarazko aisialdi eskaintzaren erakusle gordinena. Eta egoera are larriagoa da haurrentzako zinema eskaintzari dagokionean.
182.892 biztanleko hirian, %16a 20 urtetik beherakoak da. Lehen mailako 42 ikastetxe daude, soilik hiru dira A eredukoak. Udalaren webguneak dionez (2023 urteko datuak), 0-14 urte bitarteko 21.387 haur bizi dira Donostian. Halako publiko hartzaile handia izanik, nolatan mugatu euskarazko zinema eskaintza egun bakarrera? Inguruko hirietako agendei begira, aipatu filma, Hernanin, bi egunetan proiektatu zen.
«Gazteak ez omen dira zinemazaleak, zinema aretoak kexaka. Normala, txikitatik joan ez badira. Euskarazko zinema eskaintzan zabaldu beharra dago»
Zernonikusi webguneak Euskal Herriko zinema aretoetan ematen dituzten filmen agenda eguneratua eskaintzen du. Aste honetakoari begiratu bat emanez gero, bost film ditugu ikusgai euskaraz Hego Euskal Herri osoan, horietarik lau haurrentzat. Hori bai, Donostian ez dugu halakorik topatuko: hiriko zinemetako eskaintza guzti-guztia euskara ez besteko hizkuntzatan dago, izan jatorrizko zein bikoiztutako ekoizpena.
Zinema areto komertzialetatik kanpo, filmak euskaraz ikusteko aukerak urriak izaten jarraitzeen dute. Haurrentzako euskarazko zinema eskaintza Aieteko kultur etxean zentralizatzen du udalak, Zinema Euskaraz programaren baitako bikoiztutako filmak, zein uda partean goizez eskaintzen direnak bertan proiektatzen dira. Gainerako auzoetako haurtxoko eta gaztelekuetan eskaintzen diren filmak, ordea, ia beti gaztelaniaz daude. Kezkagarria, jarduera euskaraz eskaintzen duen zerbitzu bat izaki. Filmak euskaraz (jatorrizkoak zein azpitituluekin), beste hainbat arlotan bezala, elkarte eta eragileen eskutik ikusi ahal izan ditugu, eta eskerrak horri! Kontzertu, bakarrizketa eta halakoekin agenda partekatzen dute, propio zinemarako prestatuta ez dauden aretoetan.
Lotsagarria da Nazioarteko Zinemaldiaz harro dagoen hirian euskaldunok egunerokoan dugun panorama. Zinemaldiak estatistikak zertxobait goratzen ditu, bai, azpititulu eta Euskal Zinemaren Egunarekin. Baina gainerako asteetan zer? Zinemaren esperientzia —filma aukeratu, ilara egin, krispetak edo litxarkeriak erosi eta aretoa belztu bitarte besaulkietan kokatu, begiak zabal— bizitzeko aukera ukatzen zaie ume euskaldunei. Gazteak ez omen dira zinemazaleak, zinema aretoak kexaka. Normala, txikitatik joan ez badira. Euskarazko zinema eskaintza zabaldu beharra dago. Donostiako 21.000tik gorako haurrek aisialdia euskaraz bizitzeko eskubidea dute, zinema barne.