Haurrei eta txakurrei
Jende askok soilik haurrekin eta txakurrekin egiten omen du euskaraz. Zenbatetan entzun dugu esamolde hau? Bada, azkenaldian izaten ari naizen hainbat esperientziek kontrakoa pentsatzera naramate, esango nuke pixkanaka ohitura xelebre hau galtzen ari garela.
Aurrekoan lehen hezkuntzako lehen mailako ikasleekin irteera egin genuen. Euskarazko film bat ikustera gindoazela esan genien. Tinko elkarteak antolaturiko ekimena zen eta Antzoki Zaharrera gerturatu ginen poz pozik bai heldu eta bai haurrak. Sarreran sei urteko neska mutilen ilusioa nabari zen, ez baita batere makala gela utzi eta antzoki batean film bat ikusteko aukera. Irakasleok ere pozik, izan ere, hizkuntzaren normalizaziorako ekimen ludiko bikaina da zinera joatea.
Hura gure sorpresa atariko langileak haurrei erdaraz erantzun zienean: “¿De que colegio venis?”. Eta haurrek zer ikusi hura ikasi, ba erdaraz erantzun zioten. Hura entzun genuenoi kontraesanezkoa iruditu zitzaigun euskara sustatzeko ekimen baterako langile erdaldun bat kontratatzea. Filma amaitu eta irteeran langile berak lagundu zigun aretotik ateratzen. Eta hura gure sorpresa orduan bai haurrekin euskaraz entzun genuenean! “Gustatu zaizue filma? Bai? Oso ongi!” eta entzun genuenagatik primerako maila zuen.
Egoera honetarako bi azalpen okurritzen zaizkit, baliteke pelikulak iraun zuen denboran euskara ikasi izana agian zinearen magiak kutsatua. Baina esango nuke litekeena dela Joxean Artzek esan zituen hitzen gaurkotasuna frogatu zuela langile horrek: Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Eta tristea da hau esatea baino, gutxienez haurrei eta txakurrei egingo bagenie…