'Haurrek ere Arrokako frontoia behar dute'
Guraso garenon partetik ere, ez da erraza ulertzea zergatik desagerrarazi nahi den auzoak duen kirol-ekipamendu hau. Amaran, ia erdialde osoan bezala, oso-oso bakanak dira ume txikiak lasai pilotan eta kirolean aritzeko eremu egokiak. Jakina, herritarrei eskaintzen zaizkien kirolgune guztiak dira garrantzitsuak, baina, aipatutako alderdi horri begiratzen badiogu, ukatu ezinezkoa da Arrokako frontoiak funtzio garrantzitsua eta berezia betetzen duela auzoan.
Amara kaleko frontoia frontoi ederra da, pilotan jokatzeko aparta, eta egunero beteta izan ohi da pilotan aritzen diren sasoiko gazte eta helduekin. Gauza pozgarria da hori, dudarik gabe. Baina arrakasta horixe da, hain zuzen, bere alderdi negatiboa, okupatuta egoten baita gehienetan. Haurrentzat, bereziki. Sarritan ez baitute txikienek non pilotan aritu. Hutsune hori ezin hobeto betetzen du Arrokako frontoiak: haur txikiek pilotan ikasteko eta jokatzeko eremu aproposa eta segurua eratu izan du inguruko familiontzat, eta Amara kalekoa baino eskurago dago, Easo plazatik hurbil. Eta hala izaten segi dezan nahiko genuke. Behar bezala txukunduta, pilotaleku eta jolasgune paregabea izan dadin etorkizunean ere auzoko txikienentzat.
–Iker Etxebeste Zubizarreta, Nekane Rodriguez Serantes, eta auzoko beste 64 guraso. Amara.