Hedabideek eraikitzen digute errealitatea
Hedabideek, eta batez ere telebistak eta sare sozialek (Google, X, Facebook, Instagran, eta abar) ez dute, soilik, informazioa hedatzen, horrez gain, gizabanakook pentsatzen duguna eraldatzeko gaitasuna ere badute. Alegia, esaten digute zer pentsatu behar dugun, zer den garrantzitsua eta zer ez, nola baloratu behar ditugun berriak, zer eta nola aztertu munduan gertatzen dena, eta abar.
Gaur egun, telebista da hedabiderik nagusiena. Gehienok hori ikusten dugu eta hortik jasotzen dugu informazioa eta desinformazioa. Telebista eta sare sozialak dira gehien erabiltzen ditugunak. Izan ere, gazte jendeak ez du egunkaririk erosten eta jende helduak ere ez. Ordenagailuan ordaindu gabe jaso ahal dugu informazioa, beraz, irakurri nahi duenak hor dauka.
Hedabide hauek ematen duten informazioa objektiboa eta ez objektiboa izan ohi da. Ematen duten informazioa interesatua izaten da, hau da, beren jabeei interesatzen zaiena. Adierazpen askatasuna, herrien arteko batasuna, kultura, ohiturak, demokrazia, garapen soziala, politikoa, ekonomikoa, eta abar eman beharko lukete, baina ez da horrela. Beste interes batzuen mende daudelako.
Jendeari bizi ez dituen arazoak planteatzen dizkiote, eta ondoren erantzunak eskatu ere bai. Hori da hedabide hauen ezaugarrietako bat. Alegia, agintarien iritzia guztion iritzi bilakatzea.
Gainera, hedabide hauetan agertzen denak balio du eta agertzen ez dena ez da existitzen, mundu errealetik at gelditzen delako. Grezia klasikoko pentsalaria zen Epikurok zioen zientzialariek, jakintsuek, alegia, esaten badute X kilometro daudela ez dakit nondik nora, begiek ikusten dutena sinesteko. Beraz, ordurako bazegoen nolabaiteko kritika zientziaren eta errealitatearen artean. Karl Marx ere Epikuro zalea zen, bere pentsamendua gogoko zuelako, atomista zelako eta hedonismoa bere zentzu onean sortu zuelako, eta lorategiaren ideia hedatu zuelako.
Hedabideetatik hedatzen den diskurtsoa sinesten dugu, telebistak esaten duena sinesten dugu. Baina ikusten dugu batzuetan gezurretan oinarritutako berriak hedatzen dituztela. Galdera da nola aska gaitezkeen bere eraginaren mendetik.
Telebista ikusten dugu, baina ez edozein telebista. Gutako zenbatek ikusten du ETB1? Eta zenbatek 11 Telebista? Nola askatu telebistaren mendetik?
Azken finean, boteretsuek nahi dutena esaten dute hedabideek. Iritzi publikoa ere eurek sortzen dute. Zer da, bada, iritzi publikoa? Aurrez boteretsuek aukeratu dituzten pertsonek esaten digutena da iritzi publikoa, botereari interesatzen zaiona esango dutenek osatutako taldea. Kontakizuna ere horrela eraikitzen dute. Botereari interesatzen zaion hura eraikitzeko behar duten jende taldeak egiten du. Kontakizun bat eta bakarra egin nahi duena zein da, bada, boterea duena ez bada?