'(Hel)buru gabe'
Xabier Vazquez, realzalea
Nahiko memoria txarra dudanez, Irutxuloko Hitzako kirol arduradunak e-mail bat bidali ohi dit, nire txanda noiz den gogorarazteko. Aste honetan, hori ez ezik, egunkariko beste zutabegile batekin batera Hernanira joan eta aurrez aurre gogorarazi dit. Beraz, nahitaez ikusi behar nuen Realaren partida, baina, hori ikusteko, ia nahiago nuen lanean geratu. Azken asteetan taldearen jokoak behera egin du. Lehen taldearen gatza eta piperra ziren jokalari batzuk buruz eta gorputzez nekatu dira. Nola konpondu, baina? Batzuek, Gipuzkoako egunkari ospetsu bat kasu, bada ez bada ere taldeak lortu gabeko emaitzak urrutikoegiak direla esateari ekin diote, oso modu tamalgarrian. Beste batzuen ustez, nahikoa da jokalariei helburu altuak jartzea, emaitzak onak izateko. Anbizio falta omen du taldeak, baina ez dut uste anbizioa jokalariei diskurtso bitartez sal dakiekeenik. Pigmalion efektua deitzen zaio irakasleok ezagutzen dugun fenomeno bati. Ikasleak bere lanaren aurrean jarrera positiboa agertuz gero eta beren buruarengan konfidantza garatuz gero, kontrakoa eginda baino emaitza hobeak aterako dituzte. Baina horrek ez du esan nahi motibazioa eta ispiluaren islak dena lor dezakeenik. Are gutxiago, egun batetik bestera mezua aldatuz. Denboraldi hasieran helburutzat salbazioa jarri genuen denok, eta jokalariei ere mezu hori helarazi genien. Baina, orain, helburua gertu ikusi dutelarik mina eta nekea agertu dira. Beti %100 ematea ezinezkoa da. Realak, ordea, %100 aritu ezean, Espanyol eta Deporren aurka gal dezake eta Levanteren aurkako 2 puntu galdu. Komunikabide bat ez bezala, pozik ezin gara geratu, gehiago eskatu behar dugu. Baina jakinda lan-talde hau iazko denboralditik ari dela jarri dizkiogun helburuak lortzen. Bitxiena da egunotan UEFAko helburua jarri duen kazetari batek iazko denboraldi hasieran 2.B mailara jaisteko arriskuan ikusten zuela talde bera. Helmuga gabe, taldea muga gabe ikusten du honek. Helburu gabe buru gabe ikusiko du norbaitek kazetaria. Baina bere garaian helburua buru gabe jarri zuen. Agian bada unea jokalari gazteak trebatzen hasteko, batzuei atsedena eman eta hurrengoan zein betiko egongo ez diren jokalariei alternatibak ateratzeko.