'Heldu da garaia; gure hitzak ez daitezela gal'
Iker Salaberria, Kontseiluko koordinatzailea
Lehenik Leire Munduateren ataundarraren hitzak jaso genituen: kalean, lanean, euskara erabiltzeagatik inoiz umiliatua sentitu izan naiz. Euskararen erabilpen esparruak oso urriak dira eta euskara ezin erabiltzeak tristura eta egonezina sortzen dizkit. Baina argi daukat aldi berean ez dudala horrelakorik nire semeentzat nahi. Ondoren jaso genituen Iñigo Larrondo bilbotarraren hitzak. Alabarekin pediatra elebakarrengana joaterakoan itzultzaile lana egin behar izateak sortzen zien ezinegona kontatu zigun: nik sentitzen dut tristura handia. Nik pentsatzen nuen neure alabak izango zituela nik izan ez nituen eskubideak euskaraz bizitzeko eta ikusten dut hori ez dela horrela… Gu dena den hor egongo gara, jarraituko dugu eta guk euskaraz bizi nahi dugu. Nik nahi dut nere alaba euskaraz bizitzea eta horretan jarraituko dugu. Astebete beranduago jaso genituen Ruben Sanchezen hitzak. Euskaldun berria bera eta egun AEK-ko irakaslea: 80 eta 90. hamarkadan ikasi nuen Gasteizko eskola batean A ereduan. Eskola horretan euskara ez ziguten erakutsi… Mingarriena da gaur egun, oraindik ere, Gasteizen eta Euskal Herrian badaudela milaka lagun guk bizi izan genuen ukazioa bizitzen ari direnak… Ezagutu nuenean euskal mundua, lehengo pertsona etorri zitzaidanean euskaraz hitz egiten eta euskaraz erantzun nionean niretzat izan zen oso oso gauza ederra. Aurreko astean, berriz, Nekane Mitxelena lekaroztarraren hitzak izan genituen mintzagai. Lanbide heziketa euskaraz egiteko zailtasunak kontatu zizkigun: amorru hori ematen zidan, nik euskaraz ikasi nahi izatea eta ezin ahal izatea… Azterketekin ere zailtasun aunitz izan nituen, ze azkenean ahozkoak ziren eta gero maisuak gehiago egin arazi zizkidan… Izan dut zortea nere laneko lekuan euskaldun aunitz badela eta euskaraz lan egiten dudala eta horrek egia esan lan gehiago eman dit ze bezero asko egin ditut konturatu direlako hemen badagoela neska bat badakiena euskaraz. Herritar anonimoen kontakizunak dira. Euren bihotzeko ateak zabaldu eta euren euskaraz bizitzeko nahia eta hautua harro erakutsi digutenak. Bide horretan izan dituzten, bizipenak, sentimenduak, ezinak eta ilusioak azaldu dituzte. Euskaldun askok barruan eraman izan ditugu halako emozio asko, baina, bada garaia azaleratzeko. Heldu da garaia euskaraz bizi nahi dugula harrotasunez eta ozen oihukatzeko. Heldu da garaia, euskaldunok, euskaraz bizi nahi dugunok bat eginda, hitza hartu eta esan ditzagun gure hitzak, esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal. Abenduaren 1ean Donostian ikusiko dugu elkar.