Herri baten lema
Zeinen zaila den hitz egokiak aurkitzea emozionalki ukituta zaudenean. Baina ez da zailtasun teknikoa, benetan sentitzen duzun hori helarazteko hitz perfektuaren bila zabiltzanean ez dakizu hiztegian ba ote dagoen esanahi zehatz hori duenik. Horregatik, hitzak baino, esaldiak botatzen ditugu. Hitzik aurkitzen ez dudan honetan noa emozio hau azaltzera.
Azken hiru urtetan gauza bat izan dut burutik ezin kendu: Añorga KKE-ren mendeurrena. Prozesu bat abiatu genuen, eta hainbat parte hartze bilera egin ondoren, bide orri bat osatu genuen. Aurreko urteko abuztuaren 28an eman genion hasiera urtebeteko programazioari.
Argi genuen ondo pasatzea izango zela helburu nagusia, baita bete ere, baina beste azpihelburu batzuez gain, bagenuen argi zegoen gauza bat: urte honek balio behar zuen jendea aktibatzeko. Emozioetan eragin eta atxikimendua sortzeko.
Lehen hamar hilabeteak bikain joan ziren, baina uztailarekin batera iritsi zitzaizkigun egitasmo zentralak, eta jendearen elkarlana ezinbesteko bihurtu zitzaigun. Izugarria izan da. Zenbat jende aritu da debalde lanean? Izugarri pila. Denak laguntzeko prest.
Parke bat eraiki genuen gure eskuz lehendabizi, eta bertan, adin tarte oso zabaleko jendea aritu zen. Gogoz. Ideia zoragarriekin. Zazpi egun besterik ez genituen behar izan gaur hamarnaka haurrek egunero erabiltzen duten parke puska eraikitzeko. Ehunka ordu, milaka izerdi eta tonaka maitasun.
Gero, Unai Gaztelumendik Jolas Etxerako diseinaturiko horma irudiaren margoketa hasi zen. Elkartearen esentzia datozen urteetan pareta horretan islatuta egongo da. Eta, berriz ere, hamarnaka etorri ziren, boluntario. Hau ere astebetean egin genuen.
Modu paraleloan, horma irudia margotzen genuen bitartean, 100 urteotan elkarteko zuzendaritzako kide izandakoen argazkiak biltzeari ekin genion. Sorpresa izango zen igandean bistaratuko genuen mosaikoa, eta jendea, jakin gabe zertarako ematen zuen argazkia elkarlanean, bilaketan hasi zen. Hau zoragarria izan zen! Sekula imajinatuko ez nuen jende ugari aritu zen bilaketa lanetan, eta ezinezko zirudienak segituan hartu zuen tamaina handia: guztira, 200 argazki biltzea lortu genuen. Ez da marka txikia.
Eta, bukatzeko, aurreko igandeko festaren antolaketari jarriko diot arreta. Talde motorra deitu diogun ontziak gidatuta, hainbat lantalde osatu genituen festa borobiltzeko asmoz: txosna, azpiegitura, egitaraua, komunikazioa, harrera eta bazkari lantaldeak, alegia. Izen emateak izugarri pila izan ziren, baina haiek egindako lana ezin da hitzez eskertu. Bikaintasuna ez da ziurtagirietan nabarmentzen, jendearen bihotz kalitatean baizik. Koordinazioa izugarri erraza izan da, jende honek guztiak argi zuelako nora egin behar zuen boga.
Festa bikaina antolatu genuen igandean. Bertaratutakoek irribarrea besterik ez zuten ahoan. Hainbat omendu egon ziren, baina omenaldi nagusia Añorgako familiarentzat izan zen, nire ustez. Auto-omenaldia, bistaratzeko posible dela. Herri batek ilusioa badu, eta balore batzuen inguruan sinesmena badu, posible da edozer egitea. Eta hori da Añorga. Konprometitutako jende multzo anitza. Elkar errespetatzen dakiena, eta elkarrekin ontzia norabide zehatz batean eramaten dakiena.
Eta ontzi honen lema Gari Otamendi, Beñat Gaztelumendi, Maddi del Campo, Unai Gaztelumendi eta ni neu izan gara. Saiatu gara leku eder batean porturatzen, eta harro esan dezakegu lortu dugula. Beste 100 urtez gazte bizi dadila elkartea. Beste 100 urtez izan dezala gizarte oso bat alde, eta beste 100 urtez mantendu dadila bizirik, gu sentiarazi gaituen modu berberean.