'Herria bizirik'
Antza denez bada turistifikazioaren inguruan sortutako polemikak grazia handia egin dionik, broma baten modura hartu baitute. Guri ez digu batera graziarik egiten, baina, susmoa dugu kontua dela zer nolako ikuspuntutik (eta bizitza posiziotik) abiatzen den bakoitza.
Bada garaia ergelak izango bagina bezala tratatzeari uzteko, aurrera eramaten dugun protesta bakoitza infantilizatzeari uzteko. Egiten dugun gauza bakarra “pankarta aurrean egoteko aitzakiak bilatzea” dela uzten duten aurrean zera diogu: PNV ezartzen ari den eredu sozio-ekonomiko kapitalista neoliberalari buelta emateko mobilizatzeko, protesta egiteko eta borrokatzeko prest gaude.
Bide batez, bada garaia, dagokien partetik eta dagokien ardura ekiditeko, manipulatzeari, gezurrak esateari, difamatzeari eta desitxuratzeari utz diezaioten. Izan ere, poltroneroen eta haien jarraitzaileen eskutik panifikatutako azpikeriaz eta ankerkeriaz plazaratutako aldarriak husteko kanpaina prestatu da.
Aitzitik, dagokigun mezua argitasunez azaltzea galarazi zaigunez, hona hemen esateko daukaguna. Aditzera eman duguna zera da, eredu sozioekonomiko zehatz bati – kapitalista neoliberala – atxikitutako turistifikazioa gazteria langilearen bizi baldintzetan zeharo ondorio kaxkarrak dituela argia dela. Kapitalaren akumulazioan (hau da, edozein kalteren gainetik merkatuak zabaltzea dakarren eta arnasten dugun haizea bera ere merkantilizatzean) oinarritzen den eta hau gutxiren eskuetan metatzea dakarren ereduak ezer onik ekarri liezaioke Euskal Herria gizarte eredu justuago eta pareikideago bati gerturatzeari.
Azken urte hauetan ezarritako lan eta ekonomia erreformei esker, gazteen gehiengoa lan merkatu umiliagarri batean murgiltzera kondenatuta gauden bitartean azkar usteko hainbatek urrezko aurrautzak jasotzen dabiltza. Eskerrak ematea nahiko dute oraindik ere.
Eta, arazoaren muina norberak eraiki nahi duen herri eta gizarte ereduan kokatzen den arren, turismoaren aferak ederki ongi islatzen du arazo hau argitasun handiz. Arrisku larri baten aurrean gaude: gure hirietako hainbat auzotan ikusi dugun bezala, gentrifikazio prozesuak herri kategoria bat hartuz, kanpora begira (postalezko) “irudi on bat” saltzeari lehentasuna eman zaio, herri langilearen behar eta eskakizunak bete ordez. Baina, lehen esan dugun bezala, beharbada ikuspuntuaren araberakoa da atentzioa nahi dugun tokian kokatzea, norberak bizi duen problematikaren araberakoa.
Garrantzia kendu gabe, ez genuke arreta kokatu nahi hiritartasun eztabaida batean, ea turistek auzokideen elkarbizitza errespetatzen duten edo ez. Ez gara sartu turistari erantzukizuna leporatzeari, baizik eta politika ekonomiko hauek garatzen dituena salatzeari. Izan ere, “garapen ekonomiko” honek bere ondorio zuzenenak oporraldian izateaz gain, urte guztian zehar eragiten duten prozesu espekulatibo ezberdinak eragiten ditu, etxebizitzarena agerikoa izaki.
Horregatik, oligarkek ahotsa altxatu dute, beste behin ere haien klase interes partikularra interes orokorra izango balitz bezala zabalduz, erradikalengatik kikildutako ustezko turista erasotuaren defentsaren banderapean. Baina, noiz eta non gertatu da halakorik? Uda honetan pairatzen ari den biolentzia nagusia kapitalista eta patriarkarra dira, biak ala biak estrukturalak eta gure bizitzetan ondorio zuzenak dituztenak.
Leporatu nahi izan zaigunaren aurka, geure izenean ari gara hitz egiten, ez beste inorenean. Ez gara aritzen gazte guztien izenean, ezta herrialde guztiaren izenean ere. Ordea, norberak bere kontuak egin ditzala eta ondorioztatu dezala zeinek betetzen dituen poltsikoak: gazte prekariook ez.
Lur Albizu Etxetxipia eta Mikel Urdangarin Irastorza (Ernai gazte antolakundeko kideak)