Hezkuntza mugimenduan
Herri mugimenduok gure lan gaitasuna indartu eta biderkatzeko, gogoeta eta elkarlanaz gain, gure burua bitarteko ezberdinez hornitzeko beharra dugula aldarrikatzen dihardugu azken urteotan. Are gehiago, aldarrikatzeaz gain, behar hori praktikara eramatea izan da gure egiteko nagusietako bat. Herri hezkuntza, formazio politikoa eta herri jakintzetan lupa jarriz, 2013. urtean, Borbor(k) Herri Jakintzen Laborategia izeneko proiektua abiatu genuen fundazioan, hainbat bidelagun alboan genituela. Ibilbide honetan, hainbat esperientzia eta kide ezagutu ditugu gure inguruetan, eta ozeanoaren bestaldean jasotako ikaspenak eta bildutako esperientziak ere ez dira gutxi izan.
Ezagututako hezkuntza esperientzia horietako batzuk partekatu eta ezagutzeko proposamenarekin gatoz oraingoan.
Duela urtebete inguru, La educación en movimiento izeneko dokumentala aurkeztu zuten Argentinan. Kontinente osoan ehunka eskola, sindikatu, unibertsitate, zinema eta komunitateetan aritu ostean, apirilaren 4an mundu mailan aurkezteko erronkari heldu zioten berriz. Online estreinaldiaren bitartez, hezkuntza askatzailearen inguruko ekintza eta hausnarketak biderkatu nahi dituzte, mugez gaindi bestelako esperientziak ezagutzeko bidaia eginez. Guk ere gure aletxoa jarri nahi dugu proiektu interesgarri honen zabalpenean. Batez ere, hezkuntza ulertzeko moduen inguruan gogoetatzeko proposamena egiten digulako, esperientzia ezberdinen protagonista diren ahots eta bizitzetatik, arlo bakoitzetako ahots erreferenteetatik, luze eta zabal:
Marga eta Aline Mocase VC (Movimiento Campesino de Santiago del Estero Vía Campesina) eta MSTko (Movimiento Sin Tierra) militanteak dira, Latinoamerikako lurraren defendatzaile eta nekazari mugimenduetakoak biak. Margaritak Mocase VC agroekologia eskolak prestatzen ditu Argentinan, uraren arazoa erdigunean jarriz.
Alinek bere komunitateko nekazari produkzioa antolatzen du. Marina eta Ivaniza, Brasileko MSTko eskolako kideak dira, Fernando eta Daniela FPDS batxilergo herrikoiko ikasleak. Hezkuntza esperientzia publiko eta herrikoien esperientziak kontatzen dizkigute, sistema estatalarekin elkarrizketan eta tentsioan.
Milton, UNIBOLeko (Universidad Boliviana Quechua Casimiro Huanca) kitxua irakasle indigena dugu, eta Ever, berriz, CRICeko (Consejo Regional Indigena del Cauca) kidea da. Sustraiak, erritualak, hizkuntza eta herrien historia oinarrian jarri nahi duten egitasmoen sustatzaileak dira.
Blanca eta bere kideak, Ecuadorreko Escuela mujeres de Frente taldean biltzen dira, indarkeria ezberdinei aurre egiteko tresnak eskuratzeko, irakurtzen eta idazten ikasteko…
Hezkuntzaren merkantilizazioari aurre eginez, herri mugimenduok hezkuntza birpentsatu eta eraldatzen egiten dugun ekarpenari aitortza egin nahi dio dokumental honek. Eta bide batez, ate bat ireki nahi du bestelako bizitza, hezkuntza eta mundu-ikuskeretara. 0 plataformaren bitartez ikusgai izango duzue, bildu zaitezte taldean, etxean, gaztetxean, eskolan… Egin klik eta heldu mugimenduari!