Hiri-kaosaren labirintoa
Gaur egun, Donostiako erdigunean bizitzea, lan egitea edo paseatzea pazientzia ariketa bat da, eta askotan, neke fisiko eta mentalaren aurkako eguneroko borroka da. Etengabeko obrek hiriko paisaia barrikadaz, desbideratzez, oztopoz eta zarataz betetako labirintoa sortu dute. Kale mozketek, bide murrizketek, noranzko aldaketek eta espaloi blokeatuek, ibiltarien lasaitasunari eragiteaz gain, eguneroko bizitza zailtzen dute berez ohiko kaleetan ere irisgarritasun eskasa dutenentzat.
Desgaitasunik ez duen eta mugikortasun osoa duen pertsona gisa, erraza da frustrazioa sentitzea trafikoaren aldaketengatik, zarata etengabeengatik edo espaloi moztuengatik. Baina, mugikortasun urriko edo desgaitasunen bat duen pertsona baten begietatik egoera ikusten saiatzean, errealitatea ezkor antzematen da. Hiriko obrak, behin-behineko eragozpen hutsak izan beharrean, autonomiarako oztopo bihurtzen dira, eguneroko estresa areagotu eta antsietate maila handia sortzen dute, egunerokoan traba horiei etengabe aurre egin behar ez dietenentzat imajinatzea zaila dena.
«Espazio irisgarriak, ondo seinaleztatutako ibilbide alternatiboak eta obrak amaitzeko epe argiak ezinbestekoak dira, hiria labirinto zail neketsu bat ez bihurtzeko»
Desgaitasuna duten pertsonek aurre egin behar dieten arazo nagusietako bat irisgarritasuna da. Donostiako erdigunean, kaleak egun batetik bestera eta aldez aurretik abisatu gabe mozten dira eta aldizkako ibilbideek ez dute beti zoladura egokia eta ez daude guztiz ondo seinaleztatuta. Mugikortasun urriko pertsonek, gurpildun aulkien, bastoien edo taka-taken beharra dutenek, obra horien erdian maniobrak egitera behartuta daude, sarritan errepidera irtenda, gaizki gurutzatzeko, edo, besterik gabe, bidean aurrera egiteko, eta horrek ezinbestean, areagotu egiten du hirian zehar mugitzeko arriskua. Gainera, errepideetako bat-bateko norabide aldaketek edo seinale nahasiek desorientazioa eragin dezakete, eta hori bereziki zaila da ikusmen mugak dituztenentzat.
Obren egoerari buruzko informazio gardenik gabe eta komunikaziorako dagoen trebetasun urriak are gehiago okertzen du egoera. Jada egunerokoan erronka «ikusezinak» dituztenentzat, ustekabeak eta aldaketak aparteko zama bat baino ez dira. Irisgarritasunaz ari garenean, gogoratzeko, esku hartze horiek zuzenean eragiten dietela pertsona askoren bizitza kalitateari.
Espazio irisgarriak, ondo seinaleztatutako ibilbide alternatiboak eta obrak amaitzeko epe argiak ezinbestekoak dira, hiria labirinto zail neketsu bat ez bihurtzeko. Etorkizuneko hiria diseinatzean, irisgarritasuna, aukera bat izan beharrean, lehentasun bihurtu behar dugu.