Hirigintza politikan «Arzallus eredua»
Eneko Goia ihes egindakoaren eta Jon Insausti irribarretsuaren itzalean, EAJ-PSE udal gobernuaren makina gelan eta El Diario Vasco-ren infografia zainduen azpian, bada izen bat Donostiako hirigintzaren azken urteak ulertzeko nabarmendu behar dena: Nekane Arzallus. 2019tik hona, hirigintzaren gidaritza politikoa bere esku egon da. Eta garai hau aztertzen denean, zaila da esatea balantzea neutroa denik. Are gutxiago arrakastatsua.
Hirigintza politikak, berez, konplexuak dira: planak, lizentziak, proiektuak eta labirinto burokratiko eta judizialak. Baina kudeatzeko modu desberdinak daude, eta Donostian azken urteotan behin eta berriz errepikatu den jarduteko modua da, hain zuzen, “Arzallus eredua” deitu daitekeena. Eredu horren ezaugarriak maiz errepikatzen dira: proiektu handiak iragarri, tramitazioan interpretazio arriskutsuak edo ahulezia juridikoak onartu, auzokideen kritikak gutxietsi eta gatazka lehertzen denean auzia teknikarien edo epaileen esku uztea, amaieran udalak berak defendatutako bidea zuzendu behar izateraino. Ez da gertakari isolatuen pilaketa hutsa: gobernatzeko modu bat da.
Eta gobernatzeko modu horrek ondorio argiak izan ditu. Etxebizitzan, etxebizitza babestuaren proportzioak estutzen saiatu eta epaitegiek zuzendu behar izatea. Turismoan, ostatuak sustatzeko edo mugatzeko diskurtso aldakorra, baina tresna juridiko ahulekin. Ondarean, “birgaitze” hitzaren azpian eraldaketa sakonak edo eraispenak ezkutatzea. Eta parte hartzearen alorrean, erabakiak ia itxita daudenean informazioa ematea.
Arriolako hostel-aren auzia da horren adibiderik argienetako bat. Arriola pasealekuan 220 oheko hostel bat egiteko lizentzia eman zen; auzokideen salaketen ondoren, udalak berak egiaztatu zuen obrak ez zetozela bat aurkeztutako planoekin eta lokalak ez zituela betetzen HAPOak ezarritako baldintzak. Azkenean, lizentzia kaltegarritzat jo zuen eta auzia epaitegietara iritsi zen. Lehenik baimena eman eta gero erabaki bera auzitan jarri behar izatea.
«Seguruenik, legegintzaldi honen amaieran Nekane Arzallus ez da jada hirigintzaren arduraduna izango. Politikan karguak pasatzen dira. Baina erabaki urbanistikoen ondorioak ez»
Antzeko zerbait gertatu zen ostatu lizentzien moratoriarekin. 2023an iragarritako etenaldia turismoaren presioa kontrolatzeko neurri irmo gisa aurkeztu zen, baina epaitegi batek baliogabetu egin zuen, legeak ez duelako uzten helburu berarekin berriro etetea bost urte igaro aurretik. Irudi instituzional irmoa eman nahi izan zen, baina tresna juridikoa ahula zen. Udal hauteskundeen bezperatan berriro nagusitu zen keinu politiko presazkoa.
Nobu hotelaren kasua are adierazgarriagoa da. Hotela 2023ko abuztuan inauguratu zen, udal ordezkariak ere bertan izan ziren. Hala ere, azaroaren 6ra arte jardunean egon zen jarduera lizentziarik eta lehen erabilerako lizentziarik gabe. Udal agiriek erakusten dute Hirigintza Sailak bazuela ordurako irregulartasunen berri. Hala ere, hotelak martxan jarraitu zuen, bezeroak hartzen eta diru sarrerak eskuratzen, kasua publikoki azaleratu zen arte.
Arte Ederrak eraikinaren kasua da, seguruenik, azken urteotako ondare gatazkarik sinbolikoena Donostian. Herritar askok, adituek eta kultur eragileek mobilizazio handia egin zuten eraikina defendatzeko; ICOMOS-Espainiak ere “galera atzeraezina” salatu zuen. Hala ere, eraikin historikoa mantendu nahi zen tokian luxuzko Hilton hotel bat irekitzear dago. Ancorak “eraispen estalia” salatu du eta Donostiako memoria arkitektonikoaren pieza funtsezko baten desagerpena.
Xabi Alonsoren txaletaren kasuan, hirigintzaren malgutasun selektiboa ia karikatura bihurtu zen. Baserri tipologia eskatzen duen eremu batean luxuzko txalet garaikide bat sartzen saiatu ziren baserri bat balitz bezala. Udalak baimendu nahi izan zuen, baina epaitegiek lizentzia baliogabetu eta etxea eraisteko agindua eman zuten.
Illarra, Villa Ereski eta Erregenea inguruko planeamenduek agerian utzi dute etxebizitza politikaren porrot juridiko-politikoa. Auzokideek eta herri mugimenduek salatu zuten etxebizitza babestuaren proportzioak murrizten saiatu zirela, eta epaitegiek arrazoia eman diete. 2024an planeamenduaren zati bat baliogabetu zuten, eta 2026an ebazpen berriek udalaren jokaldia are gehiago mugatu zuten, “lege iruzurra” aipatzeraino.
San Bartolomeko zentro komertzialaren kasuak ere jarduteko modu hori erakusten du. Urteetan defendatu zen merkataritza gune bat eraikitzea auzokideen oposizioa agerikoa izan arren. 2025ean kontratua eteteko prozesua iragarri zen, baina 2026ko martxoan lizentziaren iraungitze prozedura iraungi zen, eta proiektuak teknikoki bizirik jarraitzen du.
Kasu guztietan hari bera agertzen da: parte hartze errealaren falta. Erabakiak ia itxita iristen dira, alegazioak oztopo gisa aurkezten dira, eta gatazka lehertzen denean bakarrik agertzen da entzute ariketa moduko bat.
Azken urteetako hirigintza Donostian hiri ereduaren inguruko botere erakustaldi bat izan da. Seguruenik, legegintzaldi honen amaieran Nekane Arzallus ez da jada hirigintzaren arduraduna izango. Politikan karguak pasatzen dira. Baina erabaki urbanistikoen ondorioak ez. Horregatik, azken urteetako politika serio aztertu eta huts egindako eredu hau ez errepikatzeko konpromisoa hartu behar da. Hori da donostiarrei zor zaiena.


