Hiriko figuranteak, animaliak?
Urria oso hilabete aldrebesa izan da: bero itogarria, errekorrak eta prezipitazio eza izan dira nagusi, eta nire amamak ekoantsietatea duela ikasi du. Esan bezala, zaila izan da ikasturtea normaltasunez hastea, batek botak eta ondokoak sandaliak zituenean. Oro har, udazkenean sartu bagara ere, nahasita ibili gara, noraezean, lagun batek udako ligeari idazteraino.
Gogoan dut bazegoela Donostian gu baino nahasiagoa zegoen izaki bat, kasik galduta zegoela zirudien, baina aldi berean eroso. Izaki hori Pakito izurdea zen (nork jarriko zion izen hori?): badian bakarrik bizitzera ohitu eta hiriko postalaren txotxongilo eta ikur bihurtu zen donostiarron bizilagun kuttuna. «Lagun asko ditu», esaten zuen Aquariumekoak eskolarekin txangoan joaten ginenean. A zer paradoxa, kaiolapean ez zuten baina esplotatu zitekeen animalia bakarra izango zen Pakito.
Noiz edo noiz, Donostiako animalia mitikoei buruz hausnartzen dut, animaliekiko nuen harremanaz, txikitan eraikitako Donostiaren iruditeriaren parte funtsezkoa izan baita hiriak animalia jakin batzuekiko eskaintzen zuen esplotazioa. Boteprontoan aitortzen dut, bilduma oso bat bete daitekeela Igeldoko parkeko pottoken gainean paseoan ditudan argazkiekin.
Baina instituzio moduan, iruditegi horretan, Aquariumak paper nagusia du. Gogoan dut ere Txuri eta Conchita marrazoen gorabeherak bikote ezkondu heterosexualaren markotik azaltzen zirela; berrogeialdian, publikoaren begirada «konplizeetatik» aske, kopulatu egin zutela notizia bihurtzeraino. Hau guztia animalien zaintza, espezien kontserbazio eta ingurumenaren heziketaren etiketaz mozorrotua dagoen animalien erakusketa estetiko eder batean biltzen da.
Pasa den azaroaren 1ean Euskal Herriko mugimendu antiespezistak deituta, elkarretaratzea egin zuten Aquariumaren parean, Animaliak aske, ez kaiola, ez kate! lelopean. Guri dagokigu, animalia hauek kaiola edo kate batera lotuta daudela argi baitago, birplanteatzea behintzat, hauen funtzio dekoratiboa hiriaren aisialdi kapitalistaren logikan, eta horrenbestez, gure ardura hauen zapalkuntzan.