Hiritarron Harrera Sarea. Gaur egungo auzolana
Hiritarron Harrera Sarea sute txiki baten txingarretatik sortu zen. Duela bi uda euskal albistegiak astindu zituen berria: ehunka afrikar iritsiak ziren Andaluziako kostaldera, eta Europako beste herrialde batzuetara igarotzeko lehian zebiltzan inguru honetan. Administrazioak oso motel ari zirenez migratzaileei baliabideak eskaintzen, beren bidean suspertu eta arnas pixka bat hartzeko, herritarren sareak sortu ziren zenbait euskal udalerritan. Gure lurraldean Irungo Harrera Sarea eta Donostiako Hiritarron Harrera Sarea izan ziren.
Gure lurraldean tradizio luzea duen antzinako auzolanaren antzera sortu ginen. Behar duenari laguntzeko bultzada bat eman behar bada, hor gaude. Ez diogu nortasun agiriari begiratzen, ez hizkuntzari, ez jatorriari. Aurpegira begiratu eta badakigu nork behar duen gure laguntza. Eta horrela eskaini ziren hamarnaka beso behar zenerako: arropa, elikagaiak, informazioa, arreta medikoa, eta entzutea. Arima erdibitu egiten zitzaigun istorio izugarri haiek entzunda.
Eta, aldi berean, administrazioei pertsona horien eskubideak artatzeko eskatuz mobilizatu gara. Gure lurraldera migrazio-proiektuan lagunduko dien sare propiorik gabe iritsitako gazte atzerritarrez ari gara bereziki. Kasu askotan, kalean daude, aterperik gabe, eta eguneroko janaria lortzeko zailtasunak dituzte.
Alarma-egoerak ezarritako konfinamenduaren ondorioz, instituzioek aterpetxeak prestatu behar izan dituzte, haiek kaletik ateratzeko, debekatuta baitzuten bertan egotea. Baina konfinamenduaren amaiera iritsi da, eta badirudi erakundeak prest daudela horietako asko berriro kalera botatzeko. Hori dela eta, mobilizaziora deitzen dugu Ez itzazue kaleratu lelopean. Beren hitza bete dezatela eskatzen diegu inor atzean utziko ez dutela aldarrikatzen duten hainbat politikariri. Eta jantoki sozial publikoak prestatzea eskatzen dugu, 5 izarreko Donostia honetan egon baitaude gosea pasatzen dutenak.