Hiru poeta Egian
Egiako Literatur Solasaldiak taldea 2018an sortu genuen euskal literaturari ordura arte gure auzoan existitzen ez zen plaza, arnasgunea, emateko asmoz. Martxoan, zortzi urte beteko ditugu eta gure lehentasunak euskal literatura garaikideari kasu egitea, idazleen eta genero literarioen oreka mantentzea eta aniztasuna bermatzea izan da.
Aurten, taldeko kide batzuek hala eskatuta, eskaera bat luzatu ziguten taldean gauden hiru idazleri, hau da, zergatik ez dugu egiten solasaldi bat poesiari lotuta zuen poemekin osatuta? Eta onartu genuen erronka.
Idazleok, poesia idazleok hain zuzen, hiru gara: Ines Goikoetxea, Edu Zabala eta Jose Mari Zendoia.
«Zu gabe, entzule, gure poemak hegazti errari bakartiak bilakatuko dira, ez baitute izango non pausatu arnasa hartzeko, elkarrekin poesiaren munduan hegal egiteko»
Lanean jarri ginen Iñaki Alegria solaskidearen eskutik, eta berak eraman ditu sortu dugun liburuaren edizio ardurak, eta bai ondo bete ere; horrela, 2025eko azaroko solasaldirako, prest zeuden liburuak eta orain geratzen zaiguna, horien zabalkundeaz gain, urtarrilaren 28ko solasaldiaren prestaketa izango da. Ez dugu solasaldiaren diseinua aurreratuko, denbora izango da horretarako, baina hiru poetok Egia Kultur Etxeko areto nagusian egingo dugu emanaldia eta irakurleon presentzia espero eta desio dugu. Emanaldi musikatua izango da Pelax musikariaren laguntzaz, eta entzuleei ere aukera emango zaie galderak, gogoetak egiteko. Esteka honetan aurkitu dezakezue liburu osoa, dohainik.
Poetak entzulegoa behar du, banan-banako arimak, haiek sentimenduz bustitzeko, besarkatzeko, partekatzeko. Zu gabe, entzule, gure poemak hegazti errari bakartiak bilakatuko dira ez baitute izango non pausatu arnasa hartzeko, elkarrekin poesiaren munduan hegal egiteko.
Zu behar zaitugu.
