Historiako Dibertimentu onena
Klasean irakatsi ziguten sistema itxi batean energia ez dela sortzen, ezta deuseztatzen ere, transformatu egiten dela. Iazko udazkenetik añorgatarren energia mugiarazten aritu gara, Dibertimentua prestatzen. Irailean gogoan nuen Arkaitz dantza-taldea gidatzen nuen urteetan maiz esandakoa: «Aurtengoa da historiako talde onena». Transmisioa autoestimutik bizitzeko, modako mindfulness ikastaroen orain eta hemen leloa baliatuta, unekoa –aurtengoa– zen garrantzitsuena.
Transmisioaren gurpilaren ardatza dira sormena eta tradizioa. Sarriegi kontrajarrita aurkezten dizkigute, batean bestea posible ez balitz bezala. Umiltasunez jo dugu tradiziora, esan bezala, ezer ez delako hutsetik sortzen. Izan ere, zenbait herentzia harriz betetako motxila pisutsu egiten zaizkigun arren, bereizten ikasiz gero, zama arindu eta harribitxiz betetako jakintzaren zaku bihurtzen zaizkigu.
Molde tradizionalak arakatzeko detektibe-lanetan aurkitutakoetatik plagiatuta sortu dugu añorgatarrontzako formula. Dibertimentuan daude Donostialdeko neguko festak, Goizuetako inauteria edota italiar Berpizkundeko Comedia dell´arte. Aske aritzeko, ezer ez dugu ausaz hautatu, kaotiko izateko ordena behar baitu kaosak.
Tradizioa uneoro aldatzen den neurrian bizi da, eta sormerako dimentsio infinituak ditu. Era berean, Dibertimentuaren moduko erritual bat martxan jartzeko, komunitate osoak hizkuntza eta kode berak barneratzea funtsezkoa da. Egitura itxiko gidoi irekia planteatu dugu, eta partaide bakoitzari ardura eta rol zehatzak emanda, kolektibotik biderkatu da sormena. Bakoitzaren ekarpenarekin, auzoaren energia transformatu dugu, dantzan, kantuan, bertsotan, antzezten…
Komunitatea eraldatzeko harri filosofalik bada, norbanakoen sentimenak dantzatu behar ditu. Zorionez, Dibertimentua sortzea prozesu oso humanoa izan da, kezkatzen gintuen indiferentziarik gabekoa: merezi zuten arreta eman ez diegun zenbait haserretu dira, kantuan hunkituta negar egin dugu, erabakiak hartzeko eztabaidatu… eta batez ere, asko dibertitu gara.
Sentimenen iragazkitik pasatzen dena memorian iltzatzen zaigu. Memorian gordetzen dugunari balioa ematen diogu, eta balioa aitortzearekin sortzen dugu gure ondarea. Transmisioz jasotako ondare bizi horrekin belaunaldiz belaunaldi berreraikitzen dugu gure nortasuna, hala indibiduala, nola kolektiboa. Eta nortasun kolektibo hori da gure komunitatearen oinarria.
Horregatik, datorren urtean Dibertimenturik bada, historiako onena izango da. Orain eta hemen egindakoa.