Historiaren karanbolak
Koronabirusaren aurreko garai urrunetan gauza bitxia gertatu zen Madrilen. Jusapol polizia sindikatu ultraeskuindarraren manifestazioa, euren kide ugarik V for Vendetta pelikulako maskara zeramaten. Maskara hauek jende askori deigarri egin zitzaizkien; izan ere ezker esparrutik gertuko hainbat mugimenduk egin dituzte bere.
Baina bitxia izan arren, maskara horren jatorriko pertsonaiak badu antzik Madrilen protestan ari ziren ultrekin. Alan Mooren komikiko V-k Guy Fawkes pertsonaia historikoa du oinarri, Parlamentua zartatzen saiatu zen konspiratzaile katolikoa, Ingalaterrako tradizioan galtzaile papera bereganatu duena. Ziurrenik galtzaile rolagatik eta Parlamentua zartatzeko asmoagatik jarri zion maskara hori bere anarkistari.
Alabaina, ez pentsa Guidok oso atsegin lukenik bere maskara nork erabiltzen duen ikustea. Erlijio katolikoaren defentsak eraman zuen Parlamentua zartatzen saiatzera. Horren aurretik, mundu osoan zehar ibili zen errege absolutuen eta Eliza Katolikoaren alde. Besteak beste, Espainiako tertzioetan. Hots, Jusapoleko polizia ultrek bere maskara eramatea – kasualitatez- karanbola borobila da.
Bada Fawkesengan burgesia liberalaren aurkako erreakzio herrikoia ikusi nahi izan duenik. Batzuetan mugimendu ultrek iturri horretatik edan arren –Karlismoak, kasurako–; ez dut uste Fawkesen kasua denik. Garaian baziren Europan hainbat mugimendu erlijioso gaur egungo ezkerraren gogokoagoak, normalean Eliza ofizialarekiko kritikoagoak.
Ia bi mendez luzatu zen erlijio afera hori Ingalaterran. Oro har protestantismoak monarkia parlamentarioa –oximoron britaniar hori– eta liberalismoa defendatu zituzten; katolizismoa, ordea, absolutismotik gertuago egon zen. Ingalaterrako guda eta erreforma horiek sortu zuten neurri handian gero AEBetan eta Frantzian lehertu ziren mugimenduak, bere on eta txarrekin.
Monarkia parlamentario berri horren gauzapenean, pertsonaia garrantzitsua da William Orange. Bada, Orange horixe da Ulsterreko orangistek –ultra horiek, bai– euren desfileetan omentzen dutena. Izan ere, parlamentarismo (zentsitarioa, noski) ingelesaren babesle askol –Cromwell, kasurako– Eskozia eta Irlandan utzitako arrastoa unionismo ingelesarena da; mende bat beranduago Frantziar Iraultzak egingo zuenaren antzekoa. Gaur egungo erreferenteak aurkitzen nahiko lan bagenuen, are zailagoa zaigu lehengo garaietan topatzea. Itxialdi egun hauetarako baduzue zer bilatu historia liburuetan.