Hitza hitz
Bizi garen gizarte azeleratuan beharrezkoa dirudi une batez gelditzea, arnasa hartzea, hausnarketa egiteko eta, hala badagokio, eztabaida irekitzeko.
Sustraiak historiaren hasieran hondoratzen dituen herri zahar baten parte gara, eta kosmogonia berezi batera garamatzan hizkuntza baten jabe. Herri zaharra, bai, baina erabat kolonizatua: ez bakarrik dimentsio politikoan, lurralde-zatiketa eta estatuen etengabeko urraketarekin, baita existentzia eta esentzia hutsean ere. Nor gara gu? Nola dugu izena? Zein da gure bandera? Eta ereserkia? Mila galdera eta mila erantzun, eta ez dirudi inoiz ados jarriko garenik.
Bidean utzi ditugu Mari, Mikelats, Sugoi, Eneko Haritza edo Teodosio de Goñi, azken honen kateak herrestan eramaten jarraitzen badugu ere, porrotetik porrotera.
Hamaika aldiz traizionatu dugu Ama Lurra, eta gure kolonizatzaileen suhartasun sadiko berberaz ustiatu, iraindu, kontsumitu. Ama batek izan ditzakeen seme-alabarik gaiztoenak gara.
Gure Amarekin hitzeko kontratua genuen, eta horrek bazuen balioa; gaztelarrek ere aitortzen ziguten: “euskaldunentzat, hitza Lege da”, eta Kode eta Foruetan ere sartu zen. Non geratu da gure hitzaren balioa?
Ohitura eskubide bilakatzen zen, ohiturazko zuzenbide, eta erabilerak jabetza zekarren: usukapioa. Non gelditu dira naturaren legeak? Epaile kolonizatzaileen eskuetan, akaso?
Harrotasunez daramagu beti Auzolanaren bandera, komunitatearen garrantzia, herri-lurrena, askatasunetik eta estilo libertarioenetik egindako mila hitzarmen sozial motena. Izan ere, herri honek zerbait maite izan bazuen, askatasuna izan zen. Non gelditu da hori guztia? Zein bidegurutzetan galdu ginen?
Indibidualismoaren, kapitalismo basatiaren, esplotazioaren, inperialismoaren, kolonizazioaren, traizioaren garaipenak itsu, gor eta mutu utzi gaitu.
Nostalgiarik gabe, gorrotorik gabe, itxaropenik gabe, beste porrot baten bila, Ama Lurrarekin berriro hitzarmena egiteko garaia da: iraunkortasunean, desazkundean, errekonozimenduan, errespetuzko ohituren orekaren berreskuratzean oinarritutako hitzarmena. Erdi den mundu multipolar honetan ez gaitezen borrokatu beste bat izateko, beste Estatu bat, beste akats bat, baizik eta hobeak izateko, gu geu izateko, Pirinioen bi aldeetan dagoen herria izateko. Ginena eta garena izanda lortuko dugu nahi dugun askatasuna. Existituz irabaziko dugu.
Hitza hitz