Hitzak eta kontrako ekintzak
Kontsumoa emendatzea dute helburu, taxuzko kontsumo orekatsua sustatu ordez. Hiriaren irudia, izaera eta izana saldu ordea, hiria bera jartzen ari dira salgai
Udal Gobernuak hiria martxan dagoela erakutsi nahi digu. Eraginkortasuna bilakatu nahi dute haiek bultzaturiko politikaren ikurra. Hitzak eta ekintzak leloa etengabe darabilte ahoan, agindutakoa betetzen dutenaren berme balitz bezala. Ingurumen alorrean ordea, esandakoa eta eginikoa ez datoz bat. Are gehiago, kontrako norabidean doazela dirudi. Hitz polit horiek errealitate gordinaren aurka talka egiten dute etengabe. Klima larrialdian gaudela diote, eta adierazpen ponposoak egitearekin bat, klima aldaketaren kontrako estrategia onartzen da, dena entzutetsua eta dotorea, baina egiatan zer dago? Hutsaren hurrengoa.
Planteamendu okerrak eta ikuspegi interesatuak, eta ez, alegia, herritarrenak, enpresa handiei eta multinazionalei alfonbra gorria jarri baitzaie bertako denda txikiak gorriak eta bi pasatzen ari diren bitartean. Jabe donostiarra edo gertukoa duten saltokiak eta tabernak bata bestearen atzetik ixten ari dira, erdigunea marka jakin bakar batzuen esku utziz, eta beste edozein hiribururen herrigunearen kalkoa bihurtuz.
Batere nortasunik ez duen eredua han hemen aspertu arte errepikatuz doa. Eta lapurtzen ari zaion xarma artifizialki atxiki nahi diote Donostiak dituen balore naturalak ere aintzat hartu gabe, edota bazter guztiak txikituz eta balioak xahutuz. Horrela, kutsaduraren kezka aitortzen duten egunaren biharamunean Gabonetako argiteria askoz ere bonbilla gehiago dituela eta inoiz baino egun gehiagotan argituko dutela harrotasunez gehitzen dute. Dirutza gastatzen da Gabonetako merkatuetan eta toki guztietako jendea erakartzen saiatzen dira dagozkigun baliabide naturalak baino gehiago hartzen ari garen bitartean. Kontsumoa emendatzea dute helburu, taxuzko kontsumo orekatsua sustatu ordez. Hiriaren irudia, izaera eta izana saldu ordez, hiria bera jartzen ari dira salgai.
Hiri berde-urdinak grisa alderako bide zuzena hartu du, hor daude Belartza 2, metroa, Lourdes Txiki, uharteko obra, gorantz doan trafikoa, turistifikazioa, kontsumoaren kontsumoa… Ageriko zor ekologikoa handitzen doan heinean batzuek klima larrialdiaz ahoa dute beteta. Gabon zuriak? Betekadekin kontuz gero!