Hitzaldiak
Duela hiru urte inguru, Amara Berrin nenbilela, afixa batek atentzioa eman zidan. Auzoko kultur elkarte batek antolatuta, handik gutxira gauzatzekoa zen hitzaldi baten berri ematen zuen. Honaino ezer berezirik ez. Harritu ninduena gaia izan zen: betizu behi-arraza. Arraioa, nioen nire kolkorako, areto handiren beharrik ez ditek izango! Behi arraza bati buruz jardun, non eta Donostiako kalean, eta gainera euskaraz, ez duk, ez, jendetza ikaragarririk bilduko.
Gaia, ordea, nire interesakoa zen, abeltzainen mundua gertu samarretik eta denbora luzez ezagutzeko zoria izan nuelako. Eta horri gehitzen bazaio hizlaria albaitari ezaguna, lankide ohia eta laguna zela, ulertzekoa da nigan sortu zen harako gogoa.
Hitzaldia mamitsua eta ederra izan zen. Jantzia, irudiz eta grafikoz apaindua, eta oso txukun azaldua. Xumea, baina duina. Horretaz gain, merkea eta arrakastatsua, hamabost bat lagun bildu baikinen. Bai, hamabostekin arrakastatsua, hamarretik beherako bat baino gehiago ezagutu izan ditut-eta.
Gustura atera nintzen, eta, etxera bidean, horrelako ekitaldiak antolatzea Bagera bezalako elkarte batentzat interesgarria izan litekeela otu zitzaidan. Egiari zor, Bagera saiatu izan da garai eta formatu ezberdinetan mintzaldien bidea urratzen. Gogoan ditut, esaterako, behinholako Asteazken kulturalak haien barruan Koldo Mitxelenako aretoan egiten ziren hitzaldiak. Gogoan, halaber, elkartearen egoitzan egiten zirenak, apalagoak baina txukunak haiek ere. Orain, berriz, ez du ematen bertako arduradunek lantegi horri berriro ekiteko gogo handirik dutenik.
Gauza jakina da Donostian hitzaldi asko antolatzen direla (euskaraz ez hainbeste), aretoak lortzea zaila eta garestia izaten dela, eta kostua areagotzen dela hizlari entzutetsuak ekarrita. Eragozpen gehitxo baliabide urriko elkarte batentzat.
Euskalzaleen elkarteek berezkoa dute diru-urritasuna, baina badute bestelako ondasunik: langileak, egoitzaren azpiegiturak eta bazkideak. Horietan oinarrituta saiakera bat egin liteke mintzaldiei berriro ekiteko, elkartearen indar eta baliabide hutsez.
Bazkideak, egun, 480 inguru omen gara. Gehienak, hori bai, urtetan aurrera samar joanak. Adina arazoa al da? Alde batetik bai, batzuk kopla handitarako ez direlako egongo. Baina, bestetik, heldu jendea interesgarria da, kontatzeko asko daukalako. Hainbesteren artean egon behar du lagun bat baino gehiago aipatu albaitariak egin zuena egiteko gauza dena. Lanagatik edota urtetan landutako zaletasunengatik denok dugu gairen bat herritar gehienek baino hobeto ezagutzen duguna. Gai horixe litzateke hitzaldiaren muina.
Itxuraz ikusgarria ez izan arren, beharrik ere ez, onuragarria litzateke hizlari zein entzulearentzat. Horratx hizlariarentzat erronka polita, batez ere erretiroa hartuta badago. Bestalde, egitasmoa bat letorke hain sutsuki gomendatzen diren zahartzaro aktiboarekin eta herritarren ahalduntzearekin.
Jakina, horretarako gauza diren bazkideak bilatu, aurkitu eta adoretu behar dira. Batere erraza ez den lantegi horretarako elkarteko langileei bazkide boluntario taldetxo baten laguntza ondo letorkieke.
Irakurle, honaino iritsi bazara marmarti irudikatzen zaitut: Erretolika ederra hirea, baina hik zer egingo huke, zertaz hitzegingo huke? Bada, begira, prest nago boluntarioen talde eragilean pate hartzeko, eta baita hizlari aritzeko ere. Hiruzpalau lagun animatzen badira ni ez naiz ezkutatuko. Dagoeneko hiru gai ditut pentsatuta hitzalditarako. Kopiatuak izateko beldur ez banintz esango nituzke izenburuak. Bertso- ahapaldi baten plagio izan daitekeen azken esaldi horrek aitzakia eman dit Txirritaren beste aipamen bat egiteko, hura hil eta 85 urtera. Motz geratu zen gizona bere kalkuluetan… ( Oharra: Txirrita bertsolaria ez da hiru gai horietako bat).