'Hizkuntzakeria'
Artikulu honekin gaur egun azpilanean, pipia egurrezko habean bezala, dabilen ideologia bat jarri nahi dut begi-bistan, hizkuntzakeriaren ideologia, Espainiako botere guneetan oso zabaldua dagoena. Pentsamolde hori ideia oker eta faltsu batean dago oinarrituta: gaztelania inguruan dituen hizkuntzak baino hobea dela komunikaziorako, bizikidetzarako, gizartearen aurrerabiderako eta norberaren garapenerako. Eta hobea delako, nagusitu egin behar duela.
Espainiako aginte guneetatik datorkigun hizkuntzakeriak gaztelaniaren hegemonia babesteko eta indartzeko diskurtsoa egiten du. Diskurtso hegemoniko hori ideia monolitiko batean dago ardaztuta: gaztelania da herritar guztiak elkartzen dituen hizkuntza bakarra, eta euskarak, Espainiako lurraldeetako gainerako hizkuntzek bezalaxe, herritarrak elkartu beharrean, banandu eta baztertu egiten ditu. Eta ideia horri, gainera, lege oinarria eman dio Espainiako nazionalismo linguistikoak: gaztelania inolaz ere ez da baztertzailea, Espainiako herritar guztiek jakiteko obligazioa dutelako, Espainiako lege gorenak, Konstituzioak, hala agintzen duelako. Okupazio linguistikoa lege bihurtu du Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak gaztelaniaren nagusitasuna eta jakiteko obligazioaren monopolioa betikotzeko. Esaerak dioen bezala: «Handia, beti legez; txikia, behin ere ez».
Gaztelaniak Espainian duen monopolio linguistikoa babestu eta indartu nahi dutenek zera diote: bere hiztunek eragindako egoera duela euskarak. Alegia, bere hiztunek erabiltzen ez dutelako, bizkar eman diotelako, iritsi dela abelera horretara. Eta, dagoen egoera horretara bere hiztunek eraman baldin badute, zertarako «xahutu» behar den herritar guztien dirua gutxiengo batek sortutako egoera aldatzeko. Maiz, gainera, krisi ekonomikoaren aitzakiarekin, hizkuntza sustapenean herri-diruak «harrika botatzea» gaitzesten dute. Baina horrela hitz egiten dutenek ezkutatu egiten dute gaztelaniaren sustapenerako Cervantes Institutuak urtero 115 milioi euroko aurrekontua daukala, Euskararen Etxepare Institutuak milioi eskaseko aurrekontua duen bitartean.
Baina diskurtso horrek ere egi-egia ezkutatu nahi du: Espainiako inperialismoaren hizkuntzakeriak, historiaren sokan, Colon jauna Ameriketara iritsi zenetik, etnozidio linguistikoa eragin duela armen bidez mendean hartu dituen hiztun-herri guztietan. Eta, itsasoz haraindiko herri haietan bezala, hemen ere, Espainiako estatuaren hizkuntzakeriak euskararen etnozidio linguistikoa eragin eta bultzatu duela euskararen herrian. Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak ezkutatu egiten du Estatuak gaztelania Espainiako lurralde osoan bortxakeriaz eta armen bidez inposatu zuela gerra zibil batek ekarritako diktadura baten bidez. Eta diktadura horren ondoren ere, demokrazia izeneko garai honetan, gaztelaniaren eta Espainiako lurraldeetako gainontzeko hizkuntzen arteko desoreka iraunarazteko, diskurtso eta lege baztertzaileak dituela gaur egun. Diskurtso eta lege horiek, euskararen zabalkundea oztopatzea dute helburu, Espainiako estatuko gainontzeko hizkuntzena bezalaxe.
Adibide baterako, Nafarroako kasua dugu: Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak Nafarroan euskararen aurkako diskurtso oldarkorra dauka, batetik, eta, bestetik, euskararen ofizialtasuna eta zabalkundea Nafarroa osoan mugatzen eta oztopatzen duen Foru lege bat ere bai.
Espainiako nazionalismoaren hizkuntzakeriak kate motzean eta larre motzean nahi du euskara. Nafarroan dugu adibiderik argiena: euskara erabiltzeko aurrerapausorik txikiena egin nahi denean, beti da «bidegabekeria», «diskriminazioa» eta «inposizioa». Gaztelaniaren aldeko nazionalismoak zapalkuntza linguistikoaren ekaitz politiko eta mediatikoa leherrarazten du han-hemengo gizartea, batik bat nagusi diren erdaldunak, euskararen aurka jartzeko. Orain hurrena, horrela zioen Nafarroako PPko legebiltzarkide batek: «Euskara erabilita, nazionalistez bete nahi diguzue administrazioa». Espainiako nazionalistek, hizkuntza kontuetan, ez dagoenean ere, besteen buruan beti ikusten dute bartza, baina norberaren buruko zorria sekula ez.
Patxi Saez, soziolinguista