Hizkuntzaren balioa
Azkenaldi honetan, han eta hemen euskararen inguruan gogoeta asko ari gara egiten euskaldunon artean. Arrazoi bat baino gehiago egongo dira hori gertatzeko: udan gaudelako eta jendea lasaiago dagoelako, euskararen normalizazioaren aurka epaileak erabaki berriak hartzen ari direlako, oporretan lasaiago eta bide batez denbora libre gehiago dugulako… Eta, momentu honetan, pentsatzen dugu euskara normalizatua dagoela, eta hori ez da egia.
Kontua da, batez ere, euskarazko hedabideetan euskararen inguruko eztabaida eta gogoeta gehiago dagoela. Gogoetak esparru desberdinetan ari dira ematen: zer egin eraso judizialen aurrean, euskararen egoera hobetzen ala okertzen ari den, euskara bera zer den eta zer funtzio betetzen duen gure artean definitzen, euskaldunon portzentajea gehiagotzen ala gutxiagotzen ari den, komeni zaigun ala ez sententzia judizialei erantzuna ematen saiatzea ala ez, adimen artifizialak (AA) zertarako balio digun, zein diren euskalgintzaren kezka eta erronka nagusienak…
Galdera hauei eta gehiagori erantzutea ez da erraza. Ni, oraingoz, euskarari berari buruz gogoeta egiten saiatuko naiz Joxe Azurmendi hil berria zaigun filosofo eta irakasle izan genuena gogoan hartuta.
Jaiotzen garenetik, giza abere garenetik ama daukagu eta lagunak dauzkagu. Amak laztanak eta hitzak egiten dizkio eta umeak sentitzen ditu, horrela taldeko sentituko da, afektibitatea zer den sentituko du, hizkuntza baten jabe egiten hasiko da, mundu ikuskera bat izaten. Umea aberea da, baina hizkuntza baten jabe egingo da.
Hizkuntza horrek irekiko dio mundua, hizkuntza horrek egiten du herri gogoa, alemanez Volkgeist deitzen dena.
Euskalduna egingo da, ordea. Euskalduna izateko euskara duena izateaz gain, komunitate baten parte izan behar du. Izan ere, euskarak ez du jaberik, komunitate bat du eta komunitate hori beharko du bizirauteko. Euskara ez da inorena, komunitate horrena baizik. Euskaltzaindia eta abar ez dira euskararen jabe. Euskarak ez du jaberik. Amak, laztanak ematen eta hitzak esaten dizkio umeari. Hasieran, ez du ulertuko, baina, afektibitatea sentitzen hasiko da.
«Euskarak ez du jaberik, komunitate bat du eta komunitate hori beharko du bizirauteko. Euskara ez da inorena, komunitate horrena baizik»
Hizkuntza baten jabe egiten hasiko da.
Hizkuntzak egingo du umea.
Hizkuntza horren bidez bere burua ezagutuko du.
Hizkuntza baten barruan murgiltzen jakingo du.
Hizkuntza batek unibertso bat egiten du.
Hizkuntzatik kanpo ez dagoelako gizakirik.
Hizkuntzak egiten gaituelako humanoak.
Hizkuntza bat mundu bat delako.
Hizkuntzak mundua ulergarria egiten duelako.
Hizkuntzak gauza berriak sorrarazten dituelako.
Hegel eta Heidegeger filosofoengandik hartu zuen Joxek Volkgeist kontzeptua, dirudienez. Heidegger nazia izan zen eta unibertsitateko errektore izendatu zuten, nazia zelako. Hala ere, esan behar da nazismoak arraza jartzen zuela gauza guztien gainetik eta, aldiz, Heideggerrek hizkuntza, kasu honetan, alemanera.