Hizkuntzaren institutu dinamikoena
Aldamar kalean kokatua, Urumea ibaiaren eta badia sakonaren aldamenean, Rekalde izeneko taberna bat zegoen. Pauso bat eman eta tabernako atea irekiz, kanpotar baten zentzumenak alde guztietatik kolpatuak izaten ziren inoiz bizitako estimuluen bitartez. Usaina bere hizkuntza hitz egiteko gai zen eta landatarra zen. Jendearen eta irratiaren zaratak ulergaitzak ziren, baina aldi berean zentzu guztia zuten. Bertan zegoen jendeak ikusezina zirudien, ia guztiz lausotua. Energia eta momentu jakin baten parte ziren eta hori ukiezina zen. Gertaera hau Iparraldeko Redwood Basoan grizzly hartz batekin aurkitzearekin aldera daiteke, hobeto bakarrik utzi eta ez molestatu. Abisu seinalea bertan zegoen paretean jarri beharrik izan gabe. Bat berehala konturatzen da hau ez dela taberna arrunt bat. Toki hau ez da mapetan agertzen, baina nolabait izugarrizko indarra, altxorra eta denbora hartzen zuen. Kanpotar batek erraz aurki lezake esertzeko leku bat. Barruko denak; zurezko zutabe zaharrek, paretek eta sotoak barne, bidaiari bat onartzen zuten Rekalderen etxean. Ongietorria baina ez onartua. Bertako jendea eta haien energia ikusezina, entzunezina eta ukiezina ziren. Sartu zintezkeen, baina indar hori ezin zen ez ukitu, ez apurtu, ezta esplotatu ere. Imagina zitekeen gauzarik ederrena zen.
Zer zen leku hori? Zein zen jende hura? Nola asma dezake batek puzzle misteriotsu hori? Ernest Hemingwayek ba al daki sekretua?
Etorri berriak Rekalde izugarri gozatu zuen. Ikusezina zen jende hura: hark ikus zitzakeen, baina inolaz ez zen saiatu haien laguna izaten, hitz egiten edota haiekin loturarik edukitzen saiatu. Hala ere, tabernak, bere jendeak eta haien jarrerak inoiz ez ziren agresiboak edota mehatxugarriak izan. Zen bezalakoa uztea nahi zuen, aldatu gabea. Tamalez, kanpotarraren eta tabernaren artean ozeano zabal bat aurkitzen zen. Bi aldeen arteko bereizketa zegoen, agian bat edo bi oineteko distantzia larunbat gauetan, eta inork ez zekien nola heldu beste aldera.
Izugarrizko zorteak kolpatu zuen kaliforniarra Euskarazko Ateen Zaintzaile bat ingelesez liburu bat irakurtzen ikusi zuenean. Misteriozko hilketa liburu bat zen, idazle ezagun batena hain zuzen. “Do you speak English?” galdetu zion atlantikoaren beste aldetik etorri zen bisitariak. Horrekin, (tabernaren) energiaren bihotza eta arima piskanaka agertzen eta kanporatzen hasi zen lehen aldiz. Elkarrizketa labur horren ostean, kaliforniarrak izena galdetu zion “gracias” esanik bukaeran. Liburu irakurleak, kaliforniar hizkuntzan, esan zion “Nire izena Gnomo da, hemen, eskerrik asko esaten dugu. Euskaldunak gara eta euskaraz mintzo gara”. Gnomok Kaliforniako bidaiariari lurralde berri honetan edozein bidaiarik beharko lukeena eman zion. Euskara zen eta indartsua zen oso. Orain, aurretik gaizki ulertutako indar hura barruan sakon senti zezakeen, eta indarra hartzen hasi zen. Eskuratutako opari horrekin, kaliforniarra berehala ez zen hain kanpotarra. Rekalderako ate itxietako giltza Gnomoren eskutik lortu zuen. Ateak orain irekiak zeuden eta misterioak zain jarraitzen zuen. Hala ere, ateak astunegiak ziren esku oldartuek edota besoen indarrarekin ireki ahal izateko. Ateak modu berezi eta prozesu jakin baten bitartez bakarrik ireki ahal izango ziren.
Pixkanaka, giltza eskuratu zuena atea irekitzen hasi zen beste batzuen laguntzaz. Rekalde nabigatzen zuen pertsona, eguraldia edozein izanda, egunez egun, Agus izeneko pirata zen. Nahiz eta oso gogorra eta gozoa izan aldi berean, gozoki gogor baten moduan, odol tanta txikienarekin konortea galtzen zuen. Ez zuen inoiz beldurrik izan Green Beauty (Berde Ederra) zuzentzeko eta ez luke sekula itsasontzia abandonatuko. Berak, Gnomok bezala, izugarrizko belarriak zituen, kostatik kostara zabaltzen ziren belen moduan. Ez zuen kaliforniarraz hitz egiten. Aukera izan zuenean, mihia askatu zuen eta utzi egin zuen, Oka bezala, Bizkaiko haranetan barrena lerratzen eta itsasoetara oldartzen. Atea ez zen ireki kirtenaren eta giltzaren bihurkin tradizional batekin, lehen pentsatu bezala. Alde guztietatik zetozen komunikazioen uhin eta haizeek zabaldu zuten. Belarriak zabalik eta bihotza zabalik zeukan. Euskal hitzez eta begiak irekirik, indar berezia ukigarria zen. Energia fisikoki sentitu, ulertu eta lotu egin zitekeen zentzumen primitibo guztien bidez. Euskal kaliforniarra eboluzionatuz joan zen euskal hizkuntzarekin eta nortasun berria eraikitzen. Inoiz ez zuen bere burua eta bere antzeko inor hiztun berritzat hartzen. Ezinezkoa! Euskal hitzak zaharrenak dira, eta beraz, haien hizlariek ere horrela izan behar dute. Euskal baleen seigarren zentzumena eta arranoaren ikusmena bere egunerokotasunean bistakoa zen. Eta Aiako mendiek, zainetan eta ariman barrena, aurrera eta atzera ziharduten. Anbototik urrun eta belardi lau batean zeuden hiru mendi-gailurren irudia ageri zen haren begietan grabaturik: Marik behor gorri batetik, ekaitz euritsu batera eraldatu zuen. Marik aurkitu egin zuen, baina bazekien ez zuela bere bila ibili behar. Hau zen Euskal Herria eta hau zen euskal bihotza.
Euskal Herriak gure bizitzetan, egunerokotasunean, gure pentsamendu eta gure ekintzetan oparirik ederrena duen arren, tamalez, Euskal Herria zapalkuntzaz betea eta etika arrotzez (Frantzia eta Espainia) josia bizi da, eta horiengandik itotzen ari da. Horiek eguzkia, ilargia, izarrak, haizea eta itsasoa harrapatu eta kaiolapean gorde nahi dizkigute. Irabazi finantziario potentzial eta pertsonalak hobetzeko ahaleginean, abantaila politiko eta militarista autoritarioak, atzerriko etiketek eta mapa-egileek sarraski bateratu bat bermatu dute askatasunaren gainean. Euskaldunek ez dute inoiz ahaztu eta ez dute inoiz ahaztuko haien jaioterrian egin dituzten bidegabekeria, kudeaketa kaskar eta gizadiari egindako gutxiespen guztiak. Baina esaten dugun bezala, Euskal Herria eta euskal hizkuntza segi aurrera! Euskal Presoak S.O.S.
Duela bi urte, Rekalde itxi zuten, eta harekin batera nire euskal jaiotetxea. Rekalde bezalako lekuengatik euskara existitu da eta existitzen da, hizkuntzak desagertzeari uko egiten baitio. Badirelako ahoa ireki eta euskarazko hitzak askatzeko beldurrik ez duten euskaldunak, hizkuntzaren olatuek beti jarraituko dute itsasoan barrena hondartzen aurka kolpatzen. Euskaldunek ez dutelako beldurrik beren hizkuntza berria edo desberdina den batekin lotzeko, euskara nahi duen etxeraino heldu daiteke.
Mila esker Rekalde taberna Kalifornia eta Euskal Herriaren arteko tartea ixteagatik. Mila esker Rekalde, hizkuntzaren instituturik dinamikoenetako bat sortzeagatik. Mila esker Rekaldeko hormei, isilarazteko hizkuntza erabiltzen dutenen, irrintziak isilarazten dituztenen eta gure abestiak zabaltzen uzten ez dituztenen aurrean tinko eusteagatik. Mila esker Rekalde taberna jende, hizkuntza eta iritzi pertsonal ezberdinak onartzeagatik. Mila esker bat gehiago izateko leku bat emateagatik.
Eta garrantzitsuena, nire eskerrik beroena eta zintzoena zuretzat, Euskara. Mila esker nire seme-alaben izen zoragarriengatik. Hemen, egunero, hitz egina zara haien izenak esaten ditugun bakoitzean. Hemingwayek ba al zekien sekretua denbora guzti honetan? Ez, eta espero dut boligrafo bat izango duela bere hilobian, ohar batzuk har ditzan.