'Hogei hauteskunde'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Gaurko egunkaria kalean denerako kanpaina berri batean murgilduta egongo dira politikariak. Izan ere, gauerdian ekin zioten zirkuari, urriaren 21erako deitutako hauteskundeetara ahalik eta hoberen kokatuta iristeko.
Botoa emateko aukera izan nuen momentutik gaur egun arte, hogei hauteskunde igaro dira nire begien aurretik; egia esan, 18 urte nituenetik egin dituzten hauteskundeak zenbatu ditudanean, harrituta geratu naiz ariketaren emaitzarekin. Hogei kopuru handia iruditu zait; hala, argi geratu zait politikariak beti kanpainan daudela esatea ez dela esaera huts bat.
Hauteskunde bakoitzean gutxienez lau aldiz izan dut botoa emateko aukera; hauteskunde orokorretan, udal eta foru hauteskundeetan, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan eta, noski, aurten ere deitutako Eusko Legebiltzarrerakoetan. Nire botoa baliagarria izan da batzutan, baliogabetua bestetan, abstentzioaren alde ere egin izan dut noizbait… forma guztiak ezagutu ditut, baina beti iruditu zait gaueko emaitzak jakinarazi dituztenean historia errepikatu egin dela; denak irabazle, galtzaileak ere bai.
NATO erakundean Espainiak egon behar zuen ala ez bozkatzea, baina, ez zitzaidan egokitu. Oraindik urruti nuen adin-nagusitasuna. Epailea erosita zegoen orduan eta, euskal gizarteak igandeko partida hura irabazi arren, puntuak ez ziren etxean geratu. Ea, datozen hauteskundeen etorrerarekin, halako eta azken urteetan izandako antzeko egoerak iraganeko kontuak bihurtzen diren behin betiko.