Hogei urte?
«Dani, IRUTXULOKO HITZAK 20 urte beteko ditu otsailaren 17an. Zu sorreratik izan zarenez proiektuaren inguruan, gustatuko litzaiguke zure iritzi artikulu bat argitaratzea aterako dugun ale berezian. Animatuko zara?»
Alferkeriagatik, zalantza txikia egin nuen, baina, nola esan ezetz, eta burua lanean hasi zitzaidan. Lehen unean, 20 urteena etorri zitzaidan gogora. Ni oso txarra naiz urte kontuetan, dantza egiten didate oso erraz, eta inoiz ez dut jakiten honako edo halako hura zein urtetan gertatu zen. Nola begiratzen den, 20 urte asko dira, baina izan daitezke gutxi ere. Sorreratik egon nintzenez, inguruan gabe, nahiko barruan, sorrera hori askoz atzerago joaten zitzaidan: 30 bat urte bai.
Baina, ezin zuten oker egon. Bertan ari direnek hogei badiote, hala izango da. Berehala ohartu nintzen nire nahaste horren arrazoiaz. 20 urte dira, bai, IRUTXULOKO HITZA sortu zela, 2005ean. Ez zen hutsetik sortu, ordea. Aurretik, hamaika urte lehenago, Irutxulo astekaria sortua genuen Bageran. Hamaika urte egin zituen Irutxulo-k (1994); eta hamaika, euskaldunok ondo dakigunez, ez da gutxi.
Euskal prentsarentzat ez ziren une errazak; eta noiz izan dira, ba? Bi urte lehenago, 2003an, itxi zuten Euskaldunon Egunkaria. Euskararen eta euskaldunon aurkako oldarraldiek ez dute etenik. Eta, zoritxarrez, ez dute izango Espainia eta Frantziaren menpe gauden bitartean. Zugazartek, bere biñetan, duela gutxi galdetzen zion Txillardegiri oldarraldiaren gaineko iritzia; «zein mendetatik hasita?», honen erantzuna.
«Donostiar euskaldunok, euskaratik eta euskaraz, Donostiaren bilakaera eta bertan gertatzen dena ezagutzeko eta jarraitzeko ezinbestekoa dugun komunikabidea da IRUTXULOKO HITZA»
Oldarraldiak oldarraldi, aurrera egin behar, eta berehala jaio zen Berria, 2003. urte berean. Handik bi urtera, Donostiarentzat onena zelakoan, Bagerak bat egin zuen Berria Taldearen Hitza proiektuarekin, eta Donostiako beste 41 elkarte, eskola eta eragileren babesarekin, IRUTXULOKO HITZA sortu genuen. Irutxulo astekaria zenak egunkari formatua hartu zuen eta horrela jardun zuen 2013ra arte. Orduan, berriro astekari bihurtu eta, egunerokoa sarean, bere webgunean.
Azken urteotan, erdigunetik aldendu, belaunaldi aldaketari leku eginez, inguruan ibiltzeari utzi gabe, erabiltzaile eta irakurle gisa aritu naiz. Pozik, gainera; IRUTXULOKO HITZA den proiektu duin eta gustagarriaz gozatzen. Donostiar euskaldunok, euskaratik eta euskaraz, Donostiaren bilakaera eta bertan gertatzen dena ezagutzeko eta jarraitzeko ezinbestekoa dugun komunikabidea. Lan bikaina egiten ari zarete.
Eta horren froga, aurten, Prentsako Argia Saria jaso izana. Zorionak! Merezi duzue! Zuen eguneroko lanak eraman zaituzte horrelako aitorpen saria irabaztera. Pozten naiz zuengatik eta donostiar guztiengatik, pozgarria baita horrelako produktu bat eskuragarri izatea paperean astekari gisa, eta, sarean, egunerokoaren jarraipena egiteko.
Zorionak eta mila esker lantalde osoari, eta, nola ez, ahaztu gabe, urte hauetan guztietan proiektuaren inguruan ibili diren langile, kolaboratzaile eta laguntzaile guztiei.
Orain, aurrera egin behar. Izango dira beste bost, hamar edo hogei urte. Nork daki? Eta amaiera eman behar bazaio beste proiektu eraginkorrago bati bide emateko, ba, emango zaio, orain arte egin den bezala. Aurrera!