Hogei urte, bost metro
Herriko aldizkari honen jaiotzaren hogei urteak ospatzen ari gara, eta bi hamarkada hauetan gure hiriak izan duen bilakaera gainbegiratzeko ematen zaidan aukera probestu nahi dut.
2005eko otsailean, Rodriguez Zapaterok agintzen zuen Espainian, 2004ko hauteskundeetan irabazi ondoren, Madrilen M-11ko atentatu odoltsuak gertatu eta egun batzuetara. Gasteizen, Ibarretxe zen lehendakari, eta Iruñean, Miguel Sanz.
2005eko abuztuan, ETAk bonba bat jarri zuen gure hiriko enpresa batean. Talde terroristak urte horretan egin zituen 25 atentatuetako bat izan zen. ETAk aktibo jarraitzen zuen, jende asko mehatxupean zuen, donostiarrak barne, eta ez zen bere amaiera ikusten.
2005eko otsailean, Odon Elorza Donostiako alkate zen, langabezia datua %7koa eta 183.000 donostiar bizi ginen gure hirian.
Anoetako estadioak hamahiru urte zituen. Realak 14. postuan amaitu zuen 2005-2006ko denboraldia, bere azken etapa ilunenean sartzeko zorian.
San Martin kaleak hiru errei zituen, eta Kontxa pasealekuak, lau. Bidegorri sarea ia ez zen iristen gaur egun dituen 70 kilometro baino gehiagoren erdira. Hiriko autobusek gasolioz funtzionatzen zuten, eta haien zarata eta ke beltza paisaiaren parte ziren.
Gaur egungo Donostian, %6,2ko langabezia tasa dago. Dagoeneko, 189.000 donostiar gara, duela hogei urte baino 6.000 gehiago. Jendea kanporatzen baino gehiago, beraz, hazten goazela dirudi, datozenak integratuz eta abegi emanez.
Espainiako Estatuan I+G+Bn inbertitzen dugun lehen hiria gara eta Europako adierazleetan gaude. Hainbat kirol talde eta kirolari ditugu eliteko lehiaketetan, bai gizonezkoen modalitatean, bai emakumezkoenean.
Gaur egun, Donostia punta-puntako enpresa edo teknologia ekimenen egoitza da: arlo biosanitariotik hasi eta ikerketa aurreratura iritsi arte, Champions League-an eta Europa League-an jokatzen ari gara hainbat arlo ekonomiko eta aitzindaritan. Hori hiriaren eta donostiarren meritua da, zalantzarik gabe.
«Donostiarrok daramagun lekura doa Donostia. Udalak bere erantzukizuna du, handia gainera, bertan bizi garen guztiok dugun bezala»
Hiria etengabe eraldatzen ari gara, azpiegitura askotan inbertsioak eginez: Topo berria, parke teknologikoa handitzea, aldaketa sakonak datoz Miramongo osasun hirian, kirol hiriaren birmoldatze sakona Anoeta estadioarekin hasi zen, estadio txikiarekin jarraituko du eta, laster, Illunberen berritzearekin sendotuko dugu. Bost edo hamar urtetan, gaur egun ezagutzen dugun hiriak bizitzeko eremu berritu, hobetu eta atsegin gehiago izango ditu.
Gaur militarrak bizi diren tokian, laster familia donostiarrak biziko dira. Lehen ibaiak gainezka egiten zuen tokian, ibai parkeak ditugu gozamenerako. Danborraden kopuruak gora egin du etengabe, eta parte hartze parekidea ia %100ekoa izan da. Amara banatzen duten trenbideak urte gutxiren buruan desagertu egingo dira Donostia hobeto josteko, eta 1912an abian jarritako Topoak geltoki berriak izango ditu. Tabako fabrika zaharra kulturaren eta sormenaren fabrika da orain, eta ondoko Atotxako tren geltoki zaharra eraberrituta eta aukera berriak eskainiz ageri da.
Horrek guztiak ez du esan nahi arazoak ez ditugunik. Baditugu, beste edozein hirik bezalaxe. Etxebizitza arazo larria da, Donostian ere bai, baita gure ingurune hurbil eta urrunean ere. Irtenbideak bilatzea erronka bat da botere publikoentzat. Gure kasuan, ahalegin handia egiten ari gara etxebizitzak sustatzeko: Añorga, Infernua, Lorategi Hiria, Illarra, Igara, Jolastokieta, Kuartelak… Datozen hilabete eta urteetan esparru askotan ikusiko ditugu etxebizitza berriak eraikitzen. Helburua hirian bertan bizi proiektua garatzeko aukerak ematea da, gazteak jomugan jarriz, gainera.
Immigrazioa fenomeno globala da. Gure hiria ere ez dago errealitate horretatik kanpo, eta leku batetik bestera mugitzen diren askok aldi baterako eta modu iraunkorrean aukeratzen dute Donostia. Egoera horiei erantzuteko gai izatea lehen mailako erronka da. Ikuspegi sinpleak aplikatzeak, borondate onez, baina beharrezko eraginkortasunik gabe, ez du epe luzerako konponbiderik ematen.
Alderdi hori bilakaera demografikoarekin gurutzatu behar da. Donostia duela hogei urte baino hiri zaharragoa da gaur egun. Seme-alaba gutxiago ditugu, eta horrek helduak kopuruz gehiago izango diren etorkizun baterantz proiektatzen gaitu, zainketa behar intentsitate handiagoarekin, baliabide gehiago bideratzeko premiaz, eta langileak sisteman integratzeko helburuarekin, edozein motatakoak direla ere. Horrek atea irekitzen die beste gai batzuei, hala nola, errealitate soziolinguistikoari eta haren etorkizuneko bilakaerari.
Turismoa. Gaurko Donostian, pil-pilean dagoen beste gai bat. Denok fenomeno hau gorpuzten dugun bitartean, (oporrak planifikatzen, low cost hegaldiak erreserbatzen, asteburuetan Airbnb-ak alokatzen…), askok, etxean deabrutzen dute. Mainstream-a da «ni Parte Zaharrera ez naizela joaten» esatea, duela hogei urte batzuk joan ezin zutela kontuan hartu gabe. Sentitzen dugu gure bizi paisaiaren parte izan diren denda zoragarriak ixtea, eta hori galera da gure ondare historikoan, jakina, baina ez dugu onartzen azken urteotan ez garela denda horretara joan zerbait erostera.
«Denboraren joanak, askotan, arrazoimena engainatzen du, eta sinetsarazten digu gauza batzuk era batekoak zirela, horrelakoak ez zirenean»
Nostalgia sentsazio tranpatia da. Iragan batera garamatza, ustez zoriontsuagoa eta perfektua izan zen garai batera. Baina denboraren joanak askotan arrazoimena engainatzen du, eta sinetsarazten digu gauza batzuk era batekoak zirela, horrelakoak ez zirenean. Nostalgiak eraman ditu batzuk eboluzioaren indar geldiarazle gisa jardutera. Pertsonak bezala, hiriak aurrera doaz, aldatzen doaz, eboluzionatzen eta eraldatu egiten dira. Herritarrak gara arduradunak eta erantzuleak. Donostiarrok daramagun lekura doa Donostia. Udalak bere erantzukizuna du, handia gainera, bertan bizi garen guztiok dugun bezala.
2025. urteko hiriak aldeak ditu duela hogei urtekoarekin alderatuta. Gauza batzuetan hobera egin dugu. Beste batzuetan, are gehiago hobetu behar dugu. Baina ez dut zalantzarik hogei urte barruko hiria donostiarrek eraiki eta protagonizatu nahi dutena izango dela. Aldatzen ez dena, eta aldatu ez dena, bere esentzia da, bere arima. Donostia hiri zoragarria da oraindik, bere nortasunarekin, eta donostiarrok harro gaude bertan bizitzeaz eta bertako kide izateaz. Niretzat, nire hiria munduko hiririk onena da. Duela hogei urte, eta gaur.
Kontxako pasealekuaz eta bere lau zirkulazio erreiez (noranzko bakoitzeko bi) hitz egin dut arestian. Pasealeku hori, gaur egun, bost metro zabalagoa da oinezkoentzako aldean, eta bost metro estuagoa autoak doazen aldean. Gaur egun, eremu lasaiagoa eta atseginagoa da, eta oinezkoek eta bizikletek protagonismo handiagoa dute bertan. Gure Donostia maitea nondik datorren eta norantz doan erakusten duen adibide ona dela iruditzen zait. Bost metro besterik ez dira, baina hiriaren bilakaera ondo azaltzen dute.
Zorionak IRUTXULOKO HITZA, aunitz urtez!