Hor dago koska
Lanera bidean amets egin dut gaur. Bizikleta gainean maiz gertatu ohi zait, batez ere erritmo lasaian banoa, buruak klak egin eta haizearen firi-fara entzutea autoen bozina-zarataren gainetik. Bi belarri zulootan barrura egiten dut eta burbuila horretan sartzen naiz, bidegorriko marra zuriei jarraika, estasi betean.
Argi ikusi dut: Gladys Eneako zelai bat da. Irakasle bat eta 9 urte inguruko hamalau ikasle daude esterilla batzuen gainean borobilean eserita. Beraietako bi amona mantangorri batekin entretenitu dira. Gainontzekoak elkarri begira daude, keinuei adi. Emozioez ari dira, egunari ekiteko nola sentitzen diren kontatzeko ohitura dutenez. Markel asko luzatzen ari dela eta, Ameliak bere egin du hitza. Markel amorratu egin da hitza kendu diolako eta Amelia denbora denentzat berdin banatu beharraz hasi da.
Kolpetik geratu naiz. Muturrekoa hartu ez dudanean! Loiolatik Egiara igotzeko bidegorrian, kosketako batean zulatua izan dut. Parkeko eszenatik atera eta pipertu egin naiz, gogoratu baitut Hezkuntza Sailak ikasturte berria «normaltasunez» hasteko asmoa duela esan dutela irratian. Hezkuntza Sailak, ordea, ez digu galdetu ere egin hezkuntza komunitateko kideok nola sentitzen garen eta eskolara langile eta ikasleen itzulera nola egitea hobesten dugun. Itzulera «normala» diote. Jakin nahi nuke zer duten normaletik elkarri erreparatzeko astirik uzten ez duten 27 ikasleko ikasgela eta programazio karratuek.
Bizikleta eskuetan daramadala aldapan gora jarraitu dut. Gurpil zulatuari begira are gehiago amorratu naiz, Donostiako Udalak bidegorri hau noiz kristo konponduko duen pentsatzen dudan auskalo zenbatgarren aldia delako. Itxialdiak hiri jasangarri batean amesteko ere eman zigun tartea, baina itzuli dira autoak, eta tokitan dago oinezko eta bizikletek lehentasuna izango duten hiria. Gaur garabiak erauziko al zuen bizikletarik Kontxatik?
Zaintza erdigunean jarriko genuela bagenion, agintariek hori egiteko asmo txikienik ere ez dute erakutsi, eta herritarron hitzari entzungor egiten diote. Baina, lasai, uztailean hauteskundeak izango dira eta: normaltasun berrian, aldebakarrez erabakiak hartzea herritarrei hitza ematea omen.