Hori bera da denen ixtoria
Gure bizitzari estuki lotuak dira Imanolen kantak. Hau ez da gure meritua, amaren oparia baizik. Oraindik ere kantuotako hamaikatxo punchline ditut iltze gisa azalaren barnean. Transmisioa esaten omen diote. Gurasoak Gipuzkoatik Nabarrara aldatu zirenean asteburuero egiten genuen joan etorria eta Berriozar atzean utzita beharrezkoa zen «Lau Haizetara… Donostiatik Iruñera» boz gora ematea. Eta antzeko gauzak beste zenbait kantarekin.
Nago 1997a izanen zela Imanol buruz buru ikusi nuen aldi bakar hura. Aitarekin osabaren esperoan Karkizano kaleko Ama-Lur ostatuaren atean. Ostatuaren barnetik ile luzeko gizon dotore bat atera zen eta aitarekin bizpahiru esaldi trukatu zituen. Pentsatzen dut Antiguako auzotik-edo elkarren ezagun zirela. Gizona joanda, aitak galdetu: ez al duk tipoa ezagun? Eta nik ezetz. Imanol zen. Hau kontatzen dut esateko bere kanta asko bai, baina bere itxuraz deus ez nekiela une horretara arte. Ber gauza bere bizitzari buruz… Egun hartan laburpentxoa egin zidan aitak, Wikipediarik ez eta.
Hamabost urteren buruan, ausaz, Imanolen Orain borrokarenean diskoan George Jacksoni buruzko kanta topatu nuen. 1973. urteko diskoa da, Parisen grabatua, eta esplizituki militantzia komunista dariona. Paco Ibañez gitarran eta François Rabbath kontrabaxuan.
XX. mendean hasi eta oraindik ere gaur (eta geurtz halaxe izanen da) herri musika orok afroamerikar erroarekin harremana izan du, nola edo hala. Euskarazko musika erregistratuaren historian erro hauen genealogia eraikitzeko obsesioa neure gain hartu nuen, aspaldixko. Genealogia hori musikaren joan etorrietan arakatu dut, batez ere. Hitzetan deus gutxi (Lertxundi, Ameslariak 60ko eta 70eko hamarkadetan, eta gauza gehiago 80etatik aitzina). Baina hau beste toki batean da. Marxismoak loturiko bi harimutur argi.
Aurkikuntza honek atzera ekarri ninduen Imanolengana. Eta bidean topatu dudana da bide garrantzitsu batzuen urratzaile ahaztu samar bat.
Iturriko urez kanta berriak egitekotan, iturrian blaitu beharra dagoela sinetsita nago. Eta hala egin zuen Imanolek. Inprobisazioa eta jazzaren lanabesak herri txikien musikarentzat egoki zirela saiatzeko ahalegina egin zuen belaunaldi bat agertzen zait koordenadetan: Urria taldea eta Beñat Axiari, Haizea taldea eta Amaia Zubiria, Krabelin Komik eta Imanol Larzabal. Oskorri eta Natxo de Felipe. Eta beste hainbat jakina.
Galtzaileen belaunaldi onenen artean izan da Imanolena: egingo zutela uste zuten gauzarik ederrena egiteke geratu zitzaien. Baina egin zutena ez dugu atzentzerik.